Ibilgailu autonomoaz ariko dira ostegunean Deustuko Unibertsitatean

Ibilgailu autonomo bat
GRUPO PSA
Actualizado: miércoles, 7 junio 2017 14:28

BILBO, 7 (EUROPA PRESS)

Deustuko Unibertsitateak "Ingeniaritza eta gizartearen garapena: ibilgailu autonomoa" izeneko jardunaldia egingo du ostegunean, ekainaren 8an, Ingeniaritza Fakultatearen 40. urteurrena ospatzeko ekitaldien baitan. Saioa 12:00etan hasiko da eta Bilboko campuseko Paraninfoan izango da, Deustuko Unibertsitateak jakinarazi duenez.

"Nor da erantzule bakarrik gidatzen duen auto batekin istripu bat edukiz gero?"; "ibilgailu autonomo batek barruan doazenen segurtasunari eman behar dio lehentasuna oinezkoenaren aurretik?"; "gidari profesionalak makinek ordezkatuko dituzte?" eta "zelan aterako dugu gidatzeko baimena?" moduko galderak eranmtzuten saiatuko dira jardunaldian.

Hain zuzen, ibilgailu autonomoaren ondorio teknologiko, ekonomiko, sozial, etiko eta lege arlokoari buruz ariko dira parte hartzaileak, Ingeniaritza Fakultatearen 40. urteurreneko ekitaldien barruan antolaturiko hitzaldian eta ondorengo mahai inguruan.

Horrela, Dani Alvarez kazetariak bideratuko du hitzaldia. Hizlaria Leyre Olavarria SEAT, S.A. enpresaren Ibilgailu Konektatuaren kudeatzailea izango da, eta hitzaldiaren izenburua "El coche del futuro, eléctrico, autónomo y conectado" da.

Ondoren, mahai inguru batean parte hartuko dute Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko magistratuak, Sonia Diaz de Corcuera Ruiz Jaurlaritzako Trafiko zuzendariak, Enrique Dans teknologia arloko analistak eta IE Business Schooleko Berrikuntzako irakasleak eta Mikel Lorente AIC eta ACICAEko zuzendari teknikoak.

Asier Perallos Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateko dekanoak, Estibaliz Hernaez Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordeak eta Jose Maria Guibert Deustuko Unibertsitateko errektoreak ere parte hartuko dute ekitaldian.