Ibilgailu elektrikoak azkar kargatzeko gunea jarriko dute udaberrian Bilbon

Actualizado: jueves, 11 febrero 2016 13:37

BILBO, 11 (EUROPA PRESS)

   Bilboko Udaleko Zirkulazio, Garraio eta Ingurumen Sailak eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) hitzarmena sinatu dute ibilgailu elektrikoak azkar kargatzeko gunea Bizkaiko hiriburuan jartzeko. Horrela, bi erakundeek "beste urrats bat eman dute hirian garraiobide jasangarrien erabilera sustatzeko apustu bateratuan", eta kargatzeko azpiegitura jarriko dute ibilgailu elektrikoek argindarra bermatuta izan dezaten.

   Sinadura ekitaldian izan dira Alfonso Gil Bilboko alkateorde eta Mugikortasun Politiken, Etxebizitzaren eta Garapen Osasungarriaren koordinatzailea eta Pilar Urrutikoetxea EEEko kontseilari eta zuzendari nagusiak.

   Ibilgailu elektrikoak azkar kargatzeko gunea udaberrian instalatuta egongo dela adierazi dute eta, horren bidez, ibilgailuetako bateria 20 minutu inguruan kargatuko dela. Karga azkarra egiteko gune berria edo elektrolinera Begoñako taxien geralekuaren ondoan egongo da, eta Bizkaian jartzen den bigarrena izango da, lehena BECen alboko gasolindegiaren ondoan baitago.

   Bilbon ibilgailu elektrikoak kargatzeko 16 gune publiko daude une honetan, eta prozesua sei ordutan betetzen dute, gutxi gorabehera. Karga egiteko gune publikoak aparkaleku hauetan daude: Azkuna Zentroa (sei), Zabalburu (hiru), Zabalgunea (hiru) eta Miguel de Unamuno ikastetxearen ondoan (lau).

   Ibilgailu elektriko batek 200 kilometro inguru egin ditzake bateriaren karga batekin, eta hori nahikoa da gidarien %80tik gorakoen eguneroko ibilbidea egiteko. Hamar urte baino lehen autonomia hori erraz gaindituko dela espero da.

   Gero eta erabiltzaile gehiagok (publiko eta pribatuek) ibilgailu elektrikoak eskuratzen dituzte euren mugikortasun beharrak asetzeko. Gainera, ibilgailu mota hauen erosketek gora egin dute partikularren aldetik.