Igelaren Banda, Gari eta Eñaut Elorrietaren diskoak kaleratuko ditu Elkarrek udaberrian

Igelaren Banda
ELKAR
Actualizado: jueves, 17 enero 2013 14:19

BILBO, 17 Ene. (EUROPA PRESS) -

Elkar argitaletxeak prest ditu datorren udaberrian kaleratuko dituen nobedadeak, eta horien artean Igelaren Bandaren, eta Gari eta Eñaut Elorrieta musikarien disko berriak daude, argitaletxeak prentsa ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Igelaren Banda orain dela dozena bat urte sortu zen eta 2000. urtean atera zuen lehen diskoa. 2008ra arte ibili zen hainbat kontzertu ematen Euskal Herri osoan, eta orain, etenaldi baten ostean, itxura berri batekin dator, indarberrituta. Gaur egun, Hasier Oleaga (bateria), Amaiur Cajaraville (kontrabaxua) eta Bixente Martinez (gitarra) dira Igelaren Banda, talde gaztea eta beteranoa, aldi berean.

Banda berritua aurrekoaren ildo beretik doa, hau da, euskal kanta edo dantza zaharrak, euskal musika tradizionala oinarri hartuta, bertsio berriak sortzea du xede; betiere, modu instrumentalean, konponketa eta harmonizazio berriak eginez eta inprobisatzeari leku berezia emanez. Bigarren diskoa martxoaren 1ean kaleratuko du taldeak.

Bestalde, Garik martxoaren 8an argitaratuko du "Ez da amaiera" disko berria, bere bakarkako ibilbidean ekoizten duen zazpigarrena. Hertzainak taldearen garaietatik agertokietan dabilen kantaria izanik, "maisu baten gisa menperatzen du oholtza", eta publikoarekin, aldi oro, "hari sendo bat" sortzen du, harengandik hurbil sentitzeko.

"Ez da amaiera" diskoarekin, zuzeneko kontzeptu artistiko heldua erabiliko du, publikoa "bere kanten sakontasunez liluratzeko". "Erakargarriak" dira kanta berriak, "barne-barnetik jaiotzen diren argi indartsuak, imitaezina den era moderno eta sentsualean".

Azkenik, Elkar argitaletxeak Ken Zazpi taldeko abeslari Eñaut Elorrietaren bakarkako lehenengo aurkeztuko du maiatzaren 17an: "Deserria". Olerki ugari sortu dituen deserria bezalako gai unibertsal eta historiko batean oinarrituta, Elorrietak bere konposizio propioak argitaratuko ditu, berezko ukitu batekin.

"Emozioak gidatuta" jalgitzen den kanta sorta honetan, hainbat ikuspegitatik herriminez biltzen ditu musikari bizkaitarrak erbesteratuaren bakardade sentimenduak. Zuzeneko ekitaldiak ere, diskoaren erara, "zainduak eta bereziak" izango dira, kanten kalitatez, "entzulearen barruari hitz eginez".