Ijito Herriaren Nazioarteko Eguna ospatu dute Donostian

Ijito Herriaren Eguna ospatu da Donostiako udaletxean
Foto: DONOSTIAKO UDALA
Actualizado: miércoles, 8 abril 2015 12:31

DONOSTIA, 8 (EUROPA PRESS)

   Donostiako Udalak Rrom Herriaren Nazioarteko Egunarekin bat egin du asteazken honetan, eta Juan Karlos Izagirre alkateak, udal alderdi guztietako ordezkariekin batera, harrera egin die Rrom herriaren ordezkariei eta hiriko bandera eta ijitoena trukatu ditu ijitoen ordezkariekin.

   Izagirrek adierazi du "egun seinalatua" dela gaurkoa, "egun beharrezkoa". "Oraindik ere gure gizartean baztertuta bizi den herria da ijito herria. Euskal Herrian XVI. mendetik bizi da herri hau, eta horrenbeste mende pasa badira ere, gaur egun oraindik ere badugu lana elkar ezagutzeko eta onartzeko", esan du.

   "Kultur aniztasunerako pauso asko" geratzen direla adierazi du, eta bide horretan aurrera egiteko konpromisoa berretsi du, "inklusioa eta elkarbizitza ez baitira denbora kontua, borondate kontua baizik, borondate pertsonal eta kolektiboa". "Ozen aldarrikatu nahi dugu ijito herriaren aldarrikapenak gureak ere badirela", gaineratu du.

   Bestalde, Naiara Sampedro Kultur Aniztasun zinegotziak udalbatzarrak adostutako erakunde adierazpena irakurri du. Honen bidez, Donostiako Udalak jokabide xenofobo eta arrazista mota guztien kontra dagoela adierazi du, eta errespetuz bizitzeko deia egin die herri eta kultura guztiei.

   Dei berezi bat egin die komunikabideei, erantzukizun sozialez aritu dezaten ijito komunitatearen irudi soziala tratatzeko garaian. Erakundeei ere dei egin die, eraginkortasun handiagoz aplikatzeko gai honetako legeria eta ijitofobiaren kontrako borrokari lehentasuna emateko agenda politikoetan.

   Azkenik, Donostiako Udalak berriz ere adore eman die ijito herri guztiari, ijito elkarteei eta donostiar guztiei, "elkar aintzakotzat hartzeko, errespetatzeko eta elkarrekin bizitzeko lanean jarrai dezaten".