IK4-Ikerlan zentro teknologikoak 30 bat lagun kontratatuko ditu aurten

Actualizado: lunes, 6 julio 2015 12:27

BILBO, 6 (EUROPA PRESS)

   IK4-Ikerlan zentro teknologikoak prozesu bat izango du martxan 2015ean zehar, 30 pertsona inguru kontratatzeko, bere ahalmenak indartzeko asmoz. Kanpaina ez da puntuala izango, baizik eta "estrategia baten oinarria", etorkizunean zentroaren eta bere bezeroen lehiakortasuna bultzatzeko.

   Zehazkiago, IK4-Ikerlan zentroak elektronika, telekomunikazio, mekanika eta softwarearen inguruko profilak bilatzen ditu. Lan eskaintzak zentroaren webgunean eskuratu daitezke.

   Ion Etxeberria IK4-Ikerlaneko Pertsonen arloko zuzendariak azaldu duenez, "pertsonak dira IK4-Ikerlanen proiektu kooperatiboaren motor nagusia, eta talenturik onena bilatzeko eta garatzeko dugun ardura da zentroaren nortasunaren ikur nagusietako bat". "Sartzen diren pertsona berriek profesionalki garatzeko aukera izango dute maila teknologiko handiko zentro batean, zeinak enpresa, unibertsitate eta erakundeen errekonozimendu handia duen", gaineratu du.

   Sartzen diren teknologo eta ikertzaileek mota askotako proiektuetan lan egingo dute. Alde batetik, industria transferentziako proiektuetan parte hartu ahal izango dute enpresa sareko erreferentzia handiekin, hala nola CAF, Orona, Alstom, Fagor Arrasate, ULMA Taldea, Copreci eta Fagor Automation-ekin, eta, bestetik, Laulagun, ABC edo Tifell bezalako enpresa txiki eta ertain garrantzitsuekin. Gainera, sartzen diren pertsonek erakundearentzat estrategikoak diren beste arlo berri batzuetan ere lan egingo dute.

   Horrenbestez, "abangoardiako teknologiak garatzen dituzten proiektuetan" sartuko dira, etorkizunean enpresa sarearentzako soluzio berrietan gehitzeko. Proiektu horiek zentroaren ikerketa lerro desberdinetan kokatzen dira, hala nola sistema txertatuak, potentziako sistema elektronikoak, fidagarritasun estrukturala eta mekatronika, industri inguruneetarako mikrosistemak, mantentze lanetarako sistema adimendunak eta biltegiratze elektrikoa eta kudeaketa termikoa.

   Arrazoi horiek tarteko, IK4-Ikerlan "helmuga ezin hobea da profesionalki prestatzeko eta hazteko, eta sartzen diren pertsona berriek aurkituko duten lan filosofia izango da teknologia berriak ernamuintzen diren lekuak identifikatzea eta garatzea, ondoren gure bezeroen produktu eta zerbitzuetan sartzeko".

   "Ahalegin handia egiten dugu gure profesionalak erakartzeko, lehen etapa batean erreferentziazko unibertsitateekin lankidetzan (unibertsitateko bigarren eta hirugarren zikloak), eta ondoren garrantzi handiko proiektuetan parte hartuz", ziurtatu du Etxeberriak. Ahalegin horri esker, zentroa talentuaren harrobi bihurtu da, bere beharrak asetzeaz gain, inguruko enpresei ere profil espezializatuak eskaintzen diena.

   Enpresek asko eskatzen dute langileek IK4-Ikerlanen lortzen duten esperientzia, eta zentrotik igarotzen diren pertsona gehienek produktu eta zerbitzu berriak garatuz jarraitzen dute beren ibilbide profesionala, zeinetan teknologiak oinarrizko rola jokatzen duen.

45 DOKTORE TESI

   Horrela, azken urteetan batez beste 45 doktore tesi egon dira martxan, enpresa sareak gero eta gehiago eskatzen duen maila handiko prestazioa izanik; izan ere, IK4-Ikerlanen prestatutako doktoreen %85 ondoren zentroaren bezero diren enpresetako batean hasten dira.

   Etxeberriak nabarmendu duenez, zentroan doktore tesia garatzera sartzen den pertsonak IK4-Ikerlanen erakunde laguntzaileen sare zabala izango du bere esku. "IK4-Ikerlanen sartzen diren pertsonek Europako zentro eta unibertsitaterik garrantzitsuenekin lankidetzan aritu ahal izango dira", nabarmendu du.

   Izan ere, azken urteetan zentro teknologikoak lankidetza sare garrantzitsu bat ehundu du nazioartean, 20 erakunde baino gehiagoren partaidetzarekin. Sare horretan hainbat izen azpimarratu daitezke, hala nola Lausanako Eskola Politekniko Federala (EPFL) edo Aachen, Lovaina edo Zuricheko unibertsitateak, eta horrek aukera ematen die IK4-Ikerlaneko ikertzaileei doktore tesiak egiteko eta nazioartean egonaldiak egiteko.

   "Nabarmendu nahi nuke IK4-Ikerlanen, gure inguruneko talenturik onena erakartzeaz gain, kanpoan dauden pertsona batzuek berriro ere gure industri sarearentzat lan egin ahal izatea", azpimarratu du Pertsonen arloko zuzendariak.