Ika Mizkak euskarari buruz solasean jarriko ditu Donostian unibertsitate ikasleak

Ika Mizkak antolatu dute beste behin
GAZTEZULO
Actualizado: jueves, 26 noviembre 2015 14:12

DONOSTIA, 26 (EUROPA PRESS)

   Ika Mizka egitasmoaren laugarren edizioak euskarari buruzko solasean jarriko ditu unibertsitate ikasleak. Lehen saioa abenduaren 3an izango da, Deustuko Unibertsitateko Donostiako campusean, eta ondoren, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) eta Mondragon Unibertsitateko (MU) campusetan ere antolatuko dituzte ekitaldiak

   Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gaztezulo aldizkariak sustatutako "Ika Mizka. Eta hik nola bizi dunk euskara?" egitasmoaren laugarren edizioa ostegun honetan aurkeztu dute Donostiako Tabakalera eraikinean, Deustuko Unibertsitateko errektoreorde Josean Rodriguez Ranzek, EHUko Gipuzkoako campuseko Euskara zuzendari Isabel Elorzak, Mondragon Unibertsitateko errektoreorde akademiko Jon Altunak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari Mikel Irizarrek.

   Euskararen erabileraren garrantziaz jabetzeaz gain, egitasmoak ikasleak batuko ditu hizkuntzen inguruan bakoitzak dituen korapiloak elkarri azaltzeko eta elkarrekin aztertzeko, "euskaraz erosoago eta gehiagotan jardun daitezen".

   Lehen Ika Mizka saioa Deustuko Unibertsitateko Donostiako campusean egingo da, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunaren testuinguruan. Bertan izango dira hainbat aurpegi ezagun, erakundeetako ordezkariak eta, bereziki, unibertsitateko ikasleak. Saioa 11:00etan hasiko da. Hurrengo saioa abenduaren 16an izango da, Donostian, EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien ikastegian, eta azkena 2016ko

urtarrilaren 27an, Mondragon Unibertsitateko Ikus-Entzunezko Komunikazioko Fakultatea (HUHEZI).

   Solasaldia eta zizka-mizkak uztartzen ditu egitasmoak. Mahai beraren bueltan unibertsitateetako gazteak eta animatzen diren herritarrak, pertsonaia ezagunekin batera esertzen ditu. Aurpegi ezagunek eta gazteek gai zehatz baten inguruan partekatzen dituzte kezkak eta bizipenak, euskaraz, eta esparru jakin batean euskaraz aritzeak dakartzan pozez, zailtasunez, lorpenez zein sentsazioez aritzen dira.

   Aurten, berritasun gisara, Ika Mizkan parte hartuko duen mahaikide bakoitzari orritxo bat banatuko zaio. Orri horretan, bospasei emotikono (pozik, haserre, triste, harrituta) egongo dira, eta bakoitzak pare bat lerro idazteko tartea izango du aldamenean.

   Hizketaldi bakoitzaren hasieran, hizketagai bat proposatu eta eskatuko zaie idazteko gai horrekin lotuta emotikonoak ilustratzen duen sentimendua noiz bizi izan duten azkenengoz, edo bereziki gogoratzen duten uneren bat. Modu horretan, hizketan hasi aurretik, gazte bakoitzak modu erraz eta arinean bere esperientzian oinarritutako hainbat anekdota izango ditu prest.