Ikasle nerabeek telebista edo internet behar bezala baliatzen ikasi behar dutela dio EHUko katedra batek

Katedrako Zenbait Kide, Medrano Tartean (Bigarrena Ezkerretik)
EHU
Actualizado: martes, 19 abril 2011 11:56

BILBO, 19 Abr. (EUROPA PRESS) -

Ikasle nerabeek telebista edo internet erabiltzeari utzi beharrean, komunikabide horiek behar bezala baliatzen ikasi behar dutela dio Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean dagoen Komunikazioaren eta Hezkuntza Balioen Unesco Katedrak.

2009ko abenduan katedra martxan jarri zutenetik egindako ikerketetan ikusitakoari egiten dio erreferentzia premisa horrek. "Hedabideak, teknologia berriak eta internet nagusiki, sozializazio-eragile gisa ditugu jomugan. Ziur gaude nerabearen sozializazioan familiak, lagunek eta ondoren hedabideek esku hartzen dutela gehien. Frogatuta dago hedabideek eskolak baino garrantzia handiagoa dutela", adierazi du Concepcion Medrano katedraren koordinatzaileak.

Medrano katedraduna da Bilakaeraren eta Hezkuntzaren Psikologian. Koordinatzen duen taldeko kideak Psikologian, Pedagogian eta Kazetaritzan adituak dira, eta EHUtik eta Guadalajarako (Mexiko), Malagako eta Zaragozako unibertsitateetatik datoz.

Hedabideen artean, orain arte telebista ikertu dute gehien. Telebista-dieta, nerabeen balioak eta identitatea proiektuari esker lortu dituzte lehen emaitzak. Proiektu horretan, 14-18 urteko 1.220 nerabe aztertu dituzte; donostiarrak (125 ikasle), Macorisekoak (Dominikar Errepublika), Zaragozakoak, Guadalajarakoak (Mexiko), Orurokoak (Bolivia), Malagakoak, Rancaguakoak (Txile) eta Dublingoak dira nerabeok.

Ikerketa horretako emaitza batzuk deigarriak dira. Adibidez, Medranok azaldu duenez, "ikusten ari gara Donostian ez dituztela uste bezain beste ordu ematen telebistaren aurrean (egunean 2,45 ordu astegunetan, eta 2,87 ordu asteburuetan). Dublinen 4,58 orduz ikusten dute astegunetan, eta 4,65 orduz asteburuetan". Oro har, beraz, telebistaren aurrean emandako orduek ez dute horrenbesteko tarterik hartzen, eta ordu gehiago igarotzen dituzte familiarekin eta lagunekin, bai eta sakeleko telefonoa erabiltzen ere.

PERTSONAIA GOGOKOAK

Gazteak "kezkatu" egiten dira haien telebistako pertsonaia gogokoenez, eta horrek erakusten du horiekin identifikatzen direla. Horregatik, nerabeek pertsonaia horiengandik gehien maite dituzten ezaugarriei erreparatzea erabilgarria da, telebistatik hautematen dituzten balioak ikusteko.

"Pertsonaia jakin bat haien gogokoena izateko dituzten arrazoien artean, pertsonaia hori jatorra eta umoretsua izatea lehenesten dute. Pertsonaiaren nortasuna, lana, izaera konformaezina eta menderakaitza eta adimena dira hurrengo irizpide garrantzitsuenak, eta azkena, fisikoki erakargarria izatea. Fisikoari ematen diote balio gutxien, eta oso interesgarria da hori", adierazi du.

Gainera, Medranok nabarmendu du balio kolektibistak hautematen dituztela pertsonaia horiengan, indibidualistak baino gehiago. Erantzun horiek tentuz interpretatu behar dira, "agian itxura ona emateko erantzun baitute horrela, baina, zintzo erantzun badute, esan nahi du beti ez direla identifikatzen kontrabalioak transmititzen dituzten pertsonaiekin".

Era berean, badirudi bizi-esperientzia gutxien duten nerabeek joera handiagoa dutela telebistan agertzen den guztia sinesteko. Medranoren arabera, "zenbat eta bizi-esperientzia txikiagoa izan, orduan eta modu errealistagoan hautematen dute telebista. Eragin handiagoa du haiengan, nolabait".

Adibidez, kalera irteteko ohitura handirik ez duen nerabe batek telesail bat ikusten badu eta telesail horretan gazteek astebururo alkohola edaten dutela ikusten badu, hautematen du portaera normala dela hori. Zenbat eta errealismo handiagoa hauteman, orduan eta identifikazio handiagoa izaten da hedabidean agertzen den horrekin.

Laburbilduz, emaitzek diote nerabeak identifikatu egiten direla telebistako pertsonaia jakin batzuekin, eta horrek sendotu egiten du katedrako kideek defendatzen duten premisa, telebistako edukiak eskolan jorratzeari dagokionez.

Medranok azaldu bezala, "hauxe da gure hipotesia: jorra ditzagun telebistak transmititzen dituen edukiak, deskodetu ditzagun. Zer ari da gertatzen hor? Normala al da sexu-harremanak izatea irakasleen eta ikasleen artean? Normala al da gazteek darabilten hizkera? Zergatik dago ondo? Zergatik gaizki? Hau da, lan egin dezagun gustukoen dituzten telebistako narrazioekin, telebista ikusten ikasteko eta hedabideei aurre egiteko gaitasunak garatzeko. Irakasleekin lan egin behar da, askotariko narrazioetan balioak hautematen ikas dezaten".

Hain zuzen ere, bide hori urratzen jarraitzeko asmoa dute katedrako kideek. Izan ere, telebistarekin nola, hala sakondu nahi dute orain beste hedabide batzuek (Internet eta bideo-jokoak, kasu) transmititzen dituzten balioetan, baina oraindik ere badute helburu auzi hori ikasgeletan integratzea.

"Gurasoentzat, irakasleentzat eta ikasleentzat gida-liburuak jorratzeko asmoa daukagu, gaitasunak garatzeko eta telebistan, Interneten eta beste hedabide batzuetan nola esku har daitekeen irakasteko. Hori guztia, hedabideak erabiltzen ikasteko, eta ez hedabideak erabiltzeari uzteko", esan du Medranok.