Ikasleak lan mundura hurbiltzeko ekimen berria abiarazi du Eusko Jaurlaritzak

Actualizado: viernes, 26 febrero 2016 12:40

BILBO, 26 (EUROPA PRESS)

   Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak hezkuntza esparruaren eta lan munduaren artean dagoen tartea txikiagotzeko xedea duen programa berria aurkeztu du ostiral honetan Bilbon. Ekimena 2015-2016 ikasturtean jarri da abian, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe publiko zein itunpekoetako DBHko 4. mailako eta Batxilergoko 1. mailako 1.000 ikasleren parte hartzearekin. Ikasleek tailerretan parte hartuko dute eta enpresak bisitatuko dituzte, lan munduaren egoera bertatik bertara ezagutzeko.

   Begoña Garamendi Hezkuntza Berrikuntzako zuzendaria ondoan zuela, Uriartek azaldu du DBHren amaiera aldera, ikasleak etorkizun pertsonal, akademiko eta profesionalean eragina izango duten erabaki pertsonalak hartzen hasi behar direla. Horrela, DBHko 4. mailan amaitu aurretik, Batxilergoa (eta batxilergo modalitateak), Gradu Ertaineko Lanbide Heziketa (eta lanbide familietako bat) edo arte zein kirol ikasketak hautatu behar dituzte.

   Batxilergoa aukeratuz gero, ondoren, unibertsitate ikasketa jakin baten edo Goi Mailako Lanbide Heziketaren artean hautatu beharko dute. "Hala ere, erabaki horiek, askotan, aurre egin beharreko errealitate profesionalaren gaineko ezagutzarik batere gabe hartzen dituzte", adierazi du.

   Proiektua hezkuntza zentroan abian jartzen da, lanbide gaitasunak garatzeko tailerrak eginez tutoreekin eta orientatzaileekin. Era berean, ekimena, sormena edo ekintzailetza sustatzeko beharrezkoak diren trebetasunak eta balioak landuko dituzte.

   Tailer horien ondoren, ikasleek, nahi izanez gero -eta betiere familiaren baimenarekin-, jarduneko profesionalei laguntzea eskatu ahal izango diete, hau da, ikasleek lantoki bat bisitatzea eska dezakete, beti ere egin nahi dituen goi mailako ikasketekin lotura zuzena duen lantoki bat. Laguntza eskaintzeko prest dauden profesionalen eskaintza ezagutu ahal izango dute ikasleek, interesekoa hautatuz.

   Behin lantokian, ikasleak profesional bat izango du lagun bisitaldi osoan zehar. Egun bateko bisita izango da eta, besteak beste, gai hauek izango dituzte hizpide: zertan diharduen, zer nolakoa den egunez egunekoa, zein gaitasun eta ahalmen behar diren lanpostu horretan edota zer sentitzen duen egiten duen lanarekiko.

   Esperientzia horren ostean, ikasle parte hartzaileek trukearen tailerra egingo dute euren ikastetxeetan, eta lantokira egindako bisitaldian lagun izan duten profesionalarekin izandako esperientzia azalduko diete gainerako gelakideei.

MEMORIA ETA PROIEKTUA

   Azkenik, jardueraren memoria egin beharko dute, aurreko faseetan ikasitakoaren gainean gogoeta eta balorazioa eginez. Era berean, ekintzailetza pertsonaleko proiektu bat egin beharko dute, ikasle parte hartzaileak lagun izan duen profesionalaren egunez eguneko jarduna hobetzeko egingo dituen iradokizunak jasota.

   Hezkuntza esparruaren eta lan-munduaren artean dagoen tartea txikiagotzea du xede proiektuak, eta ikasleak prestakuntza handiagoa jaso dezala, gerora egin nahi dituen ikasketei buruz. Ekimenaren bidez, ikasleek lan egin nahi duten lanbidean diharduten profesionalen eskutik ezagutu ditzakete jarduera horren ingurukoak prestakuntza akademikoa hautatzeko erabakia hartu aurretik.

   Gainera, baliagarria da honako gaitasunak garatzeko: ahozko komunikazioari, ahozkoa ez denari eta komunikazio digitalari loturiko zeharkako gaitasunak; ekimena eta ekintzailetza; norbera izaten ikasteko gaitasuna; eta bizikidetza gaitasuna.

   Esperientzia horren helburuetako bat da goi mailako ikasketak hasi eta bertan behera uzten edo aldatzen dituen ikasle kopurua murriztea. Euskadin, pasa den 2014-2015 ikasturtean, unibertsitate ikasketak lehen mailan uztearen indizea %17 izan zen; ikasketa aldaketarena, aldiz, %9,8. Lanbide Heziketaren kasuan, ikasketak heziketa zikloaren lehen mailan uztearen tasa %14 izan zen.

   Uriartek azaldu du ekimen hau "erabat bateragarria" dela Heziberri 2020 planean jasotako helburuekin, hau da, ikasleak goi mailako ikasketei edo laneratzeari begira prestakuntza ematea, erabat bermatuta izan dezaten bizitza oso bat izatea, gizabanako diren aldetik eta herritar aktibo eta konprometitu diren aldetik gizartean.

   Halaber, ekimen honen bidez, ikasleen ekiteko gaitasuna, ekimen pertsonala izatea eta ekintzaile izatekoa indartzen dira, baita ahalmen sortzailea, oinarrizko gaitasunak eta diziplina gaitasunak ere, Heziberri 2020 planak ikaslearen amaierako profilean zehazten dituenak.