Ikasleek Santiagoko (Txile) 45 ikastetxe okupatu dituzte hezkuntzan hobekuntzak exijitzeko

Actualizado: lunes, 13 junio 2011 20:01

SANTIAGO, 13 Jun. (EUROPA PRESS) -

Ikasleek beste 18 ikastetxe okupatu dituzte gaur Santiagon (Txile) hezkuntzan hobekuntzak exijitzeko, eta dagoeneko 45 zentro dira okupatuta daudenak hiriburuko eskualde metropolitarrean. Horiei Txileko beste toki batzuetan okupaturiko ikastetxeak gehitu behar zaizkie.

Ikasleen mobilizazioak duela bi aste inguru hasi ziren, hezkuntza estatukoa eta doakoa izatea eta azpiegituretan hobekuntzak egitea eskatzeko, eta egungo Hezkuntzaren Lege Orokorra errefusatzeko.

"Bat egingo duten ikastetxe eta lizeo ugari ditugu. 30 inguru", adierazi du Laura Ortiz Bigarren Hezkuntzako Ikasleen Koordinakundeko bozeramaileak. Bigarren Hezkuntzako Ikasleen Federazio Metropolitarreko Freddy Fuentesek gaur esan du okupaturiko ikastetxeak 150 izan daitezkeela.

Oraingoz okupazioak baketsuak izaten ari dira, baina Polizia txiletarrak zainketako dispositibo berezia jarri du martxan ikastetxe guztietan. Aste honetan unibertsitateko ikasleek egin dezakete bat protestarekin, asteazkenean grebara deituta baitaude.

Bien bitartean, agintariek zuhurtasunez egin diete aurre okupazioei. Santiagoko alkate Pablo Zalaquettek adierazi duenez, "gehiegikeriak gertatzen diren ikastetxeak bakarrik hustuko ditugu".