Ikerbasquek "eskarmentu handiko" hamar ikertzaile kontratatzeko deialdia egin du

Ikerbasqueko ikertzaile batzuk
IKERBASQUE
Actualizado: jueves, 24 mayo 2018 10:57

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

Ikerbasque Zientziaren Euskal Fundazioak Research Professor deialdi berria abian jarri du, "eskarmentu handiko" hamar ikertzaile kontratatzeko, Euskadiko unibertsitate eta ikerketa zentroetan beren ikerketak gara ditzaten. Deialdik bederatzi urte baino gehiagoko ikerketa esperientzia duten mundu guztiko eta ikerketa arlo guztietako ikertzaileek kontratatzea ahalbideratuko du, eta irailaren 13ra arte aurkez ditzakete eskaerak www.ikerbasque.net webgunearen bidez.

Research Professor programak helburu bikoitza betetzen du: alde batetik, atzerrian dauden ikertzaileak erakartzea (hauen artean jatorriz euskaldunak diren ikertzaile asko daude) eta, bestetik, Euskadin dauden ikertzaileei behin betiko kontratua lortzeko aukera ematea.

2014an, Ikerbasquek 6,2 milioi euro lortu zituen Bruselatik ikertzaile seniorrak kontratatzeko. Horrela, Euskadi nazioarteko ezagutza eta ikerketa interesgune gisa finkatzeko Ikerbasquek 2007tik egiten ari den lana saritu du Europako Batzordeak. Bruselak garapen zientifikorako europako ekimen onenetariko gisa hautatu du ikertzaileak erakartzeko programa, aurkeztutako Europa osoko 70 proposamenen artean.

"EUROPAKO ERREFERENTE"

Fernando Cossio Ikerbasqueko zuzendari zientifikoaren hitzetan, "Europako diru laguntza honek Euskadi zientzia arloan Europako erreferente bilakatzen du". "Jadanik ikerkuntza aurreratua dugulako eta nazioarteko mailako ikerkuntza taldeak ditugulako, maila altuko ikerketa burutu ahal izateko ezaugarri egokiak dituen herrialde bezala ezagutzen gaituzte", gaineratu du.

Gaur egun, Ikerbasquen 30 herrialdetako 150 ikertzaile senior daude, eta %49 zientzia esperimental eta matematika alorretakoak dira; %18 gizarte zientzia eta humanitateetako ikertzaileak dira, %12 teknologia alorrekoak eta %19 medikuntza eta bizitza zientzien alorrekoak. Gizonak dira nagusiki (%84), 44 urte inguruko batez besteko adinarekin. Ikerbasqueko ikertzaileak munduko zentrorik ospetsuenetatik heldu dira, besteak beste, MIT, Harvard, Oxford eta Stanfordeko unibertsitateak, CNRS edo Max Planck Elkartea.

Aipatutako 150 ikertzailez gain, Ikerbasquek hiru eta hamar urte arteko eskarmentua duten 62 ikertzaile gazte kontratatu ditu goi mailako ikertzaile gazteen "harrobia" sustatzeko helburuarekin. Halaber, aurreko bi kategoriak osatuz, ikertzaile karreraren etapa guztiak estaltzea xede duen Research Associate kategoriari atxikitako beste 16 ikertzaile ditu.