Ikerbasquek Research Professor deialdi berria abiarazi du hamar ikertzaile kontratatzeko

Ikerbasqueko ikertzaileak
Foto: IKERBASQUE
Actualizado: miércoles, 10 junio 2015 13:59

BILBO, 10 (EUROPA PRESS)

   Ikerbasque Zientziaren Euskal Fundazioak Research Professor izeneko deialdi berria jarri du martxan, eskarmentu handiko hamar ikertzaile kontratatzeko Euskadiko unibertsitate eta ikerketa zentroetan beren ikerketak gara ditzaten. Deialdiak bederatzi urte baino gehiagoko ikerketa esperientzia duten mundu osoko eta ikerketa arlo guztietako ikertzaileek kontratatzea ahalbidetuko du, eta eskaerak irailaren 10era arte aurkeztu daitezke www.ikerbasque.net webgunearen bidez.

   Research Professor programak helburu bikoitza du: alde batetik, atzerrian dauden ikertzaileak erakartzea (hauen artean jatorriz euskaldunak diren ikertzaile asko daude) eta, bestetik, Euskadin dauden ikertzaileei behin betiko kontratua lortzeko aukera ematen die.

   Ikerbasqueko arduradunek jakinarazi dutenez, 2014. urtean 6,2 milioi euro lortu zituen Bruselatik ikertzaile seniorrak kontratatzeko 2014-2017 aldian. Programa honek mundu osoko 50 ikertzaile kontratatzea ahalbidetuko du, Ikerbasquen bitartez, Euskadiko unibertsitate eta ikerketa zentroetan beren ikerketak gara ditzaten.

   Horrela, Europar Batzordeak "Euskadi nazioarteko ezagutza eta ikerketa interesgune gisa finkatzeko" Ikerbasquek 2007tik egiten ari den lana saritu du. Ikertzaileak erakartzeko programa Bruselak garapen zientifikorako europako ekimen onenetariko gisa hautatu du, Europa guztiko aurkeztutako 70 proposamenetatik artean.

"EUROPAKO ERREFERENTE"

   Fernando Cossio Ikerbasqueko zuzendari zientifikoaren ustez, Europako diru laguntzak "Euskadi zientzia arloan Europako erreferente" bihurtzen du. "Jadanik ikerkuntza aurreratua dugulako, nazioarteko mailako ikerkuntza taldeak ditugulako eta maila altuko ikerkuntza burutu ahal izateko ezaugarri egokiak duen herrialdetzat ezagutzen gaituzte", azaldu du.

   Gaur egun, Ikerbasquen 137 ikertzaile senior daude, 28 herrialdetakoak, gehienak zientzia esperimentalen eta matematikaren alorrekoak (%49). Gizarte zientzia eta humanitateetako ikertzaileak %20 dira, teknologia alorrekoak %14 eta medikuntza eta bizitza zientzien alorrekoak %18. Gizonak dira nagusiki (%84), 44 urte ingurukoak batez beste. Ikerbasqueko ikertzaile hauek munduko zentrorik ospetsuenetatik heldu dira, hala nola MIT, Harvard, Oxford eta Stanfordeko unibertsitateak, CNRS edo Max Planck Elkartea

   Ikerbasque Eusko Jaurlaritzaren ikerketa zientifikoaren aldeko apustuaren eta urte batzuetatik hona autonomia erkidegoko administrazioek, unibertsitateek eta enpresek egindako aliantzaren emaitza da. Euskadi I+Gren arloan indar garrantzitsuenetarikoen artean kokatzeko ahaleginean, Ikerbasquen oinarrizko lan ildoa ikertzaile adimentsuen erakargune gisa aritzea da.