IkerGazte biltzarrak 180 ikertzaile baino gehiago bilduko ditu asteazkenetik Iruñean

Joan den astean aurkeztu zuten IkerGazte
UEU
Actualizado: lunes, 8 mayo 2017 12:19

BILBO, 8 (EUROPA PRESS)

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) antolatutako IkerGazte biltzarra egingo da asteazkenetik ostiralera Iruñean, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) campusean. Ekimenaren helburua ikertzaile gazteen ikusgarritasuna areagotu, sarea osatu eta euskarazko produkzioa sustatzea da. Dagoeneko 180 partaide baino gehiagok eman dute izena bertan.

UEUk prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, biltzarraren harrera ekitaldia 09:00etan hasiko da, asteazkenean, Sario eraikinean, eta Iñaki Alegria UEUko zuzendariak, Miren Josu Omaetxebarria biltzarraren koordinatzaileak, Patxi Salaberri biltzarraren arduradunak, Ramon Gonzalo NUPeko Ikerketa errektoreordeak eta Nekane Oroz Nafarroako Gorbernuko Hezkuntza departamenduko Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak parte hartuko dute.

Jarraian, 09:30ean, Laurence Tresse Lyoneko astrofisika ikerketa zentroko zuzendariak "A Journey into the World of Galaxies" hitzaldia eskainiko du, eta ondoren, 10:30ean, Jose Ramon Etxebarria Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) irakasle eta ikertzaile eta UEUkidearen txanda izango da, "Katedralaren eraikuntza" hitzaldiarekin.

Kafea hartzeko atseden baten ondoren, 11:30etik 13:30era ikertzaile gazteen aurkezpenak eta posterrak ikusi ahal izango dira, eta bazkalostean, 15:00etatik 18:00etara, "Informazioaren irudikapena. Nondik hasi?", "Komunikazioa errazteko tresnak" eta "Euskaraz hobeto idazteko tailerra" izeneko tailerrak eta "Ikerketa eta politika. Politika eta Ikerketa" mahai ingurua izango dira. Eguna bukatzeko, 18:30etik 20:00etara, saio osagarriak egingo dira.