Ikertzaile gazteen karrera sendotzeko programa berria abiarazi du Ikerbasquek

Cristina Uriarte Research Associate programa aurkezten
IKERBASQUE
Actualizado: miércoles, 4 mayo 2016 13:05

BILBO, 4 (EUROPA PRESS)

   Ikerbasque Fundazioak Research Associate programa berria jarri du martxan, ikertzaileak erakarri eta euskal zientzia sistema indartzeko ezarria duen helburuari jarraiki, eta gaurdaino kontratatuak dituen ikertzaile gazteen karrera sendotzeko asmoz.

   Guztira, doktorego ondoko hamar urte inguruko esperientzia duten 60 ikertzaile gazte dira ekimenari atxiki dakizkiokeenak, 13 herrialdetatik etorritakoak, eta gehienak (%44) zientzia esperimentaletan trebatutakoak. Ikertzaile hauen %17 gizarte eta giza zientzietako espezialistak dira, %12 tenologia eta matematikako adituak, eta gainerako %27 bizitza eta medikuntza zientzietakoak.

   Hala jakinarazi dute asteazken honetan Bilbon emandako prentsaurrekoan Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak eta Ikerbasque Fundazioko arduradunek.

   Horrela, Research Fellows edo ikertzaile gazteek bost urteko kontratuak izaten dituzte, eta, programa berriaren bidez, ikertzaile hauen karrera sendotu nahi da, karrera Euskadin garatu nahi duten ikertzaileei Research Associate erako kontratua eskainiz, betiere lidergo, independentzia eta bikaintasun zientifikoa frogatua badute. Ekimen hau beren-beregi diseinatuta dago bost urtez balioa frogatu duten zientzialari hauek epe luzeagoko jarraipena eman ahal diezaioten Euskadiko ikerketari.

   Horretarako, Research Fellow edo ikertzaile gazteei kontratuaren laugarren urtean ebaluazio batera aurkezteko aukera eskainiko zaiei. Kanpoko ebaluazioa izango da, Ikerbasqueko batzorde zientifikoak kudeatutakoa. Ebaluazioa gainditzen duten ikertzaileek Research Associate erako kontratua lortuko dute, eta hiru urtez behin beste bi ebaluazio gainditzen badituzte, Euskadin era iraunkorrean lanean diharduten Research Professor edo ikertzaile sendotuen kategoriara igaroko dira. "Honela, Ikerbasquek bikaintasun irizpidea jarraituz ikertzaile karrera Euskadin egiteko dagoen eskaintza profesionala osatuko du", azpimarratu dute.

   Eskaera guztiak ebaluatzeko, meritu zientifikoarekin, bikaintasunarekin, lidergoarekin, heldutasun zientifikoarekin eta independentzia intelektuarekin lotutako irizpideak hartuko dira oinarritzat. Ebaluazioak nazioarteko komunitate zientifikoko kideek egingo dituzte (29 herrialdetako 200 ikertzailek). Prozesu osoa, ospe handiko sei katedradun eta ikertzailek osatutako Ikerbasqueko ebaluazio batzordeak koordinatuko du.

HELBURU BIKOITZA

   Uriartek nabarmendu du Research Associate programa Eusko Jaurlaritzak ikerketa zientifikoaren alde egin duen apustuaren ondorioa dela eta helburu bikoitza duela: alde batetik, ikerketaren arloko proposamen globala eskaintzea, eta bestetik, bost urtez Euskadin lanean jardun duten ikertzaile gazte hauen alde erakundeetatik egin den ahaleginari errentagarritasuna ateratzea.

   "Horrela, urtez urte, Euskadi aurrera egiten ari da zientziaren arloko europar erreferentziatzat kontsolidatzeko ahaleginean; nazioartean ikerketa aurreratu duen herrialdea garela aitortzen dute, nazioartean lanean diharduten euskal ikerketa-taldeei eta nazioarte mailako ikerketa egiteko dauzkagun baldintza egokiei erreparatuta", adierazi du.

   EAEko administrazioek, unibertsitateek eta enpresek duela zenbait urtez geroztik ikerketa zientifikoaren alde egin duten apustua indartzea xede duen Eusko Jaurlaritzaren ekimen baten emaitza da Ikerbasque, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Planean islatuta geratu dena. Euskadi I+G+b arloko potentzia garrantzitsuenen artean kokatzeko ahalegin horretan lagundu nahian, ikerketa arloko talentua erakartzeko gunea izatea da Ikerbasqueren jardunaren ardatz nagusia.