Ilustratzaileek zientziaren komunikazioari egindako ekarpenak jaso ditu "Elhuyar" aldizkariko urtarrileko zenbakiak

Urtarrileko zenbakiaren azala
Elhuyar Fundazioa
Actualizado: lunes, 2 enero 2012 15:34

BILBO, 2 Ene. (EUROPA PRESS) -

Ilustratzaileek zientziaren komunikazioari egin dizkioten ekarpenak bildu ditu "Elhuyar zientzia eta teknologia" aldizkariaren urtarrileko zenbakiak, eta, ildo horretan, Luis Calçada portugaldarrarekin eta Manu Ortega bilbotarrarekin hitz egin du, Elhuyar Fundazioko iturriek jakinarazi dutenez.

Gizakiak irudi-premia du, esparru guztietan, eta zientziaren dibulgazioa ez da salbuespena. Hain zuzen ere, zenbait artista argazki-kamera iristen ez den tokira heltzen espezializatu dira, eta ikusi ezin diren objektuak eta egoerak ikusgai bihurtzen dituzte.

"Elhuyar zientzia eta teknologia" aldizkariko urtarrileko zenbakian artista horietako birekin hitz egin dute. Luis Calçada portugaldarra da horietako bat; ESO erakundearentzat egiten ditu ilustrazioak, munduko teleskopiorik handienak kudeatzen dituen erakundearentzat alegia. Urruneko munduetan du, beraz, begirada.

Bigarren artista Manu Ortega bilbotarra da, zientziak eman dituen pertsonaia historikoak aldizkari honetarako biziberritzen dituen artista, hain zuzen ere. Egiten duten lanaren beharraz eta zailtasunez hitz egin dute biek zenbaki honetan.

Maria Vallet biomaterialetan adituari egindako elkarrizketa ere jasotzen du urtarrileko "Elhuyar zientzia eta teknologia" aldizkariak, beste erreportaje batzurekin batera. Aldizkaria dagoeneko salgai dago, liburu-denda nagusietan eta www.elhuyar.org webgunean.