IMK-ko ikasleen talde batek laguntzarako txakurrak trebatzen ikasiko du Urbil eta Garbera merkataritza-guneetan

Laguntzarako txakurrak trebatzen ikasiko dute IMK-ko ikasleek
ONCE
Actualizado: miércoles, 15 junio 2011 19:42

DONOSTIA, 15 Jun. (EUROPA PRESS) -

Itsasmendikoi (IMK) Fraisorok, txakurren heziketarako GuHau! zentroarekin elkarlanean, Laguntzarako Txakurren Hezitzaile ikastaroa jarri du martxan. Eusko Jaurlaritzak homologatutako prestakuntza da, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean. Ikastaroan aurkezten duten heziketa sistema etxeko maskotei irakasteko erabili ohi denaren ezberdina da, minusbaliotasunak dituzten pertsonei lagunduko dieten animaliak trebatuko baitituzte ikasleek.

"Presiorik gabeko heziketa behar du izan, txakurrak ia egun osoan zehar lan egin beharko baitu, eta pozik egon behar du. Lasaitasuna bermatu behar dugu, eta erabiltzailearen bizitza erraztuko duten gaitasunak erakutsi behar dizkiegu animaliei: kaxak eta ateak irekitzen, lurreko gauzak jasotzen, alarma bat entzutean jabeari abisua ematen, eta baita 112 zerbitzuari ohartarazten beharrezkoa den kasuetan", azaldu dute GuHau! zentroko arduradunek.

Heziketa-lanaren momentu batean, txakurrekin kalera irten behar da derrigorrean, edozein lekutan behar bezala jokatzen ikas dezaten, besteak beste, merkataritza-guneetan. Ikasi duten guztia praktikan jarri behar dute ikasleek eta, horregatik, hainbat ariketa egingo dituzte txakurrekin Urbilen (ekainaren 16an) eta Garberan (ekainaren 21ean), 15:30etatik aurrera kasu bietan.

2007ko ekainaren 29an onartu zuten Euskal Herriko Laguntzarako Txakurren Legea. Horren arabera, minusbaliotasunen bat duen edonor ibili daiteke edozein leku publikotan bere laguntza txakurrarekin.

Horrelako maskotek prestakuntza jaso dute minusbaliotasuna duten pertsonei lagundu eta zerbitzua emateko. "Lehen ikusmen arazoak zituzten pertsonentzako txakur gidariez hitz egiten zen soilik. Orain askoz ere zabalagoa da aukera, eta hazi egiten da egunetik egunera. Orain mugikortasun murritza duten pertsonentzako, entzumen minusbaliotasuna dutenentzako, eta baita autismoarekin loturiko sindromeak dituzten pertsonentzako ere badaude txakurrak", adierazi dute GuHau! zentrotik.