Iñaki Arriola Qatarko Udal Gaietako ministroarekin elkartu da, euskal enpresentzako merkatua irekitzeko

Arriola eta Al Thani
EUSKO JAURLARITZA
Actualizado: viernes, 7 octubre 2011 19:30

BILBO, 7 Oct. (EUROPA PRESS) -

Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburua Bin Jassem Al Thani Qatarko Gobernuko Hirigintza eta Udal Gaietako ministroarekin elkartu da. Ministroak interes handia erakutsi du euskal enpresarien ordezkaritzak aurkeztutako proiektuen inguruan, eta hitz eman du enpresarien ordezkaritzarekin elkarlanean jardungo duela bi herrialdeetako enpresen arteko harreman komertzialak estutzeko.

Arriola buru izan duen euskal ordezkaritza, Bi3 enpresa-partzuergo berriko Gaia eta Eraikune klusterrek eta Tecnalia, Ormazabal, Ibermática, AH Asociados, Ikusi eta Jema enpresek osatu dute.

Eusko Jaurlaritzako iturriek adierazi dutenez, bidaian zehar, euskal ordezkariek bilerak egin dituzte Qatarko enpresa-erakundeekin, hala nola Qatadiar Lusail eta Qatar Foundation eta herrialdeko enpresa publiko eta pribatu garrantzitsuenekin, eta harreman komertzialak ezartzeko aukerak aztertu dituzte. Arriolak euskal enpresa-ehunaren gaitasunak eta aukerak azaldu dizkie.

Qataridiar Lusail Qatarko Gobernuaren eraikuntza-enpresa da. Duela 20 urte sortu zuten, Qatarrek eta Arabiar golkoak utziko duten oinordekotza kulturalaren eta geografikoaren adibide izango den XXI. mendeko hiri enblematikoa garatzeko. Hiria eraikitzen ari dira oraindik, eta beraz, "aukera apartak eskaintzen ditu euskal enpresentzat".

Euskal enpresek osatzen duten Bi3 proiektuaren helburua da herrialde horretan gehiago garatzea, eta bertakoen beharrei konponbide global bat eskaintzea, ezagutzaren, eraginkortasunaren eta garapen iraunkorreko esperientziaren bidez, merkatua benetan handia, garrantzitsua eta aukeraz betetakoa baita.

Ordezkaritza "oso pozik" agertu da bileren emaitzekin, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak egindako bidaiariaren harira ezarritako harremana sendotu egin baitute bilera horietan. Izan ere, han izan diren bitartean egindako bilera teknikoetan ezagutzak eta teknologiak partekatzeko hainbat proiektu adostu dituzte, eta enpresa talde batek erabaki du aurki Euskadira bidaiatzea enpresak eta proiektuak zuzenean ezagutzeko.

Arriolarentzat "funtsezkoa" da euskal enpresak kanpora ateratzea eta merkatu berriak bilatzea, eta espero du epe laburrean lankidetza hori luzerako proiektu zehatzetan mamitzea.

Eusko Jaurlaritzako sailburuaren bidaiaren helburu behinena izan da beraz, euskal enpresentzat merkatu berriak irekitzea eta negozio-aukera gehiago sortzea, Qatarrek duen inbertsio-gaitasunagatik eta kokapen geoestrategikoagatik oso kontuan hartzekoa baita.