Iñaki Fresan baritonoak eta Lachrimae Consort taldeak Europako barrokoko kantatak interpretatuko dituzte bihar Bilbon

Lachrimae Consort taldea
BILBAO 700 FUNDAZIOA
Actualizado: viernes, 22 marzo 2013 14:59

BILBO, 22 Mar. (EUROPA PRESS) -

Bilbao 700 Fundazioak antolatzen duen Bilbao Ars Sacrum eliz musikako zikloaren laugarren kontzertua izango da larunbat honetan, martxoaren 23an, "Cantata Spirituale" izenburupean, Iñaki Fresan baritonoaren eta Lachrimae Consort taldearen partaidetzarekin. Philippe Foulon arituko da zuzendari lanetan.

Antolatzaileek adierazi dutenez, ahots baxu bakarlarirako kantaten programa interpretatuko dute, eta Europako barrokoko musikagilerik handienen lanak barne hartzen ditu, hala nola Pachelbel, Boismortier, Buxtehude, Schütz, Campra, Vivaldi, Leonardo Leo eta Haendel-enak.

Iñaki Fresan baritono iruindarra Europako XVI., XVII. eta XVIII. mendeetako musika-errepertorioa interpretatzeko sentsibilitate bera duten musikariek osatutako Lachrimae Consort taldearekin arituko da emanaldi honetan, Enkarnazio elizan, iluntzeko 20:30etik aurrera.

Sarrerak 4 euro balio du eta Zabalgune eraikineko Bilbao 700 Fundazioaren bulegoetan erosi daiteke, 10:00etatik 18:00etara bitartean, etenik gabeko ordutegian.