Inaki Perurenak eta Kepa Junkerak harria eta trikitixa elkartuko dituzte astelehenean "Trikiharria" saioan

Iñaki Perurena eta Kepa Junkera
MONDRAGONLINGUA
Actualizado: domingo, 24 septiembre 2017 14:18

DONOSTIA, 24 Sep. (EUROPA PRESS) -

Iñaki Perurena harri jasotzaileak eta Kepa Junkera trikitilariak "Trikiharria" izenburuko performance saioa eskainiko dute astelehen honetan, irailaren 25ean, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean, arratsaldeko 19:00etan hasita. MondragonLingua taldeak antolatutako Topaketalk izeneko jardunaldi-zikloaren hasiera izango da, eta ikuspegi emozional batetik jorratuko da sormen artistikoaren eta hizkuntzen arteko komunikazioa.

Bere arduradunek aurreratu dutenez, irailaren 27an Gasteizko Artium Museoan aurkeztuko diren jardunaldiek Euskadiko hainbat udalerritan eskainiko dira urrian zehar eta, besteak beste, Gorka Urbizu, Izaro edo Txaro Arrazola artistek eta Alberto Iñurrategi kirolariak hartuko dute parte. Ez dira betiko hitzaldiak izango, formatu originalak dituzten diziplina anitzeko ekintzak baizik.

Donostian izango den "Trikiharria" saioari dagokionez, gure jatorriaren edo kulturari buruzko ahozko hausnarketa eta zuzeneko musika bateratzen dituen ekitaldia izango da. Performance honetan, Leitzako harri jasotzaileak harriaren inguruko zenbait kontu botako ditu euskaraz eta bederatzi atal laburretan.

"41 urtetan harriarekin ibili eta gero, asko dauka Perurenak harriaren inguruan esateko. Gaia bere osotasunean hartuta, karga autobiografiko handia duen bakarrizketa bat prestatu du, eta kirolari baten barruko sentimenduak azalaraziko ditu, bederatzi atal ezberdinetan: nere harriak, harri-aroak, harribitxiak, harria ikasgai, harria bidelagun, harria irakasle", azaldu dute.

Bestalde, Kepa Junkera trikitilari bizkaitarrak "Trikiharria" saiorako bereziki konposatu dituen doinu berriekin tartekatuko da Perurenaren bakarrizketa.

Donostian ez ezik, Bilbon eta Gasteizen ere eskainiko da ekitaldia, urriaren 4an eta 5ean, hurrenez hurren. Sarrera doan izango da tokia bete arte, baina aldez aurretik izena eman beharko da MondragonLingua zentroetan edo www.mondragonlingua.com webgunean.