Indarkeria egoerei aurre egiten dioten emakumeei "sinesgarritasuna emateko beharra" nabarmendu du Emakundek

Puntu lila erabiltzeko deia egin du Emakundek
IREKIA
Actualizado: viernes, 24 noviembre 2017 11:54

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak indarkeria sexistaren ondorioz eraildako emakumeak gogoratu ditu eta laguntza eta babesa eskaini die beren senitarteko eta inguruko pertsonei, Indarkeria Matxistaren aurkako Nazioarteko Egunaren bezperan. Emakundek bereziki aipatu ditu indarkeria egoerei aurre egiten dioten emakumeak, eta haien "ahotsa entzuteko eta sinesgarritasuna emateko beharra" nabarmendu du.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak adierazi duenez, "indarkeria egoeretatik irten diren emakumeen testigantzak oso garrantzitsuak dira giza eskubideen kontrako urraketa hau sufritzen ari diren beste emakume askorentzat".

Landaidak esan du du arazo larri eta estruktural honen "izebergaren punta" direla ezagutzen diren kasuak, hainbat ez baitira ezagutzen. "Gizarteko pertsona guztiek dugu ardura emakume hauentzako egoera eta baldintza onenak sortzeko", azpimarratu du.

Emakundeko zuzendariak gogoratu du indarkeria "emakumeen eta gizonen berdintasun ezaren adierazpenik lazgarriena" dela, eta, zentzu honetan, berdintasun politikak aldarrikatu ditu emakumeen kontrako indarkeriarekin amaitzeko tresna modura.

Halaber, Emakundek gizarte osoari eskatu dio larunbat honetan emakumeen kontrako indarkeriaren gaitzespen publikoa egin dezan, hiri eta herri ezberdinetan antolatu diren mobilizazioetan parte hartuz edota emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako sinboloa bihurtu den puntu lila erakutsiz. "Sinbolo hau publikoki erakusteak berarekin dakar emakume eta gizonen arteko berdintasun eza oinarri duen era honetako indarkeriaren kontrako konpromiso aktiboa", esan du.

Emakunderen iritziz, pertsona guztiek egin dezakete zerbait eguneroko keinu eta erabakiekin emakumeek indarkeriarik gabe bizitzeko benetako eskubidea izan dezaten. Zentzu honetan, pertsona eta entitate askok egunero egiten duten lana eta erakusten duten jarrera aktiboa goraipatu du. Izaskun Landaidak mugimendu feministak Bilbon antolatutako manifestazioan parte hartuko du.