Indonesia, Frantzia eta Las Palmaseko taldeak Bermeoko Nazioarteko XXIX. Folklore Jaialdian

Bermeoko Folklore Jaialdiaren aurkezpena
Foto: BERMEOKO UDALA
Actualizado: jueves, 30 julio 2015 13:38

BILBO, 30 (EUROPA PRESS)

   Bermeoko Nazioarteko XXIX. Folklore Jaialdiak Indonesia, Frantzia eta Las Palmaseko dantza taldeen ikuskizunak eskainiko ditu abuztuaren 8an, Bermeoko Alkartasuna dantza taldearenarekin batera. Alkartasuna taldeak Bermeoko Udalaren laguntzarekin antolatzen duen jaialdia gaueko 22:00etan hasiko da, Artza Frontoian, Bermeoko Udalak jakinarazi duenez.

   Gaizka San Pedro Alkartasuna dantza taldeko presidenteak, taldeko kideek eta Aingeru Astui Bermeoko Udaleko Kultura zinegotziak aurkeztu dute prentsaurrekoan ostegun honetan Alkartasuna dantza taldeak 1986. urtetik antolatzen duen Nazioarteko Folklore Jaialdia.

   San Pedrok azpimarratu duenez, jaialdiaren helburua da, euskal folkloretik aparte, atzerriko folklorea ezagutu eta erakustea eta Bermeoko ohiturak eta kultura beste herri batzuei ezagutaraztea. "Horrez gain, taldeko kideak beste herrialde batzuetako dantza taldeekin egoteko aukera dute elkarrenganako ezagutza bultzatuz", adierazi du.

   Aurtengo jaialdian, Indonesiako Pelita Harapaneko Bureum Sendati taldeak parte hartuko du, herrialde horretako dantzak erakutsiz. Era berean, La Reoleko Lous Reoules talde frantsesaren dantzekin ere gozatu ahal izango da, eta Las Palmaseko San Cristobal elkarte folklorikoen dantzak ere ikusi ahal izango dira. Horiekin batera, Alkartasuna taldeak ere parte hartuko du.

   Sarrera hiru euro izango da eta leihatilan eskuratu ahal izango da abuztuaren 8an bertan. Urte hauetan guztietan, Siberia, Polonia, Grezia, Alemania, Austria, Espainia, Portugal, Hungaria, Italia, Txekia, Kolonbia, Txile, Mexiko, Argentina eta Martinika Irlako taldeek parte hartu dute Bermeoko Folklore Jaialdian.