Industriaren prezioak %0,3 jaitsi ziren EAEn joan den abenduan

Industriako prezioak jaitsi egin ziren abenduan
Foto: EP/HUMANAGRUPO
Actualizado: martes, 24 enero 2012 11:24

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

   Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) industriaren prezioek %0,3 egin zuten behera 2011ko abenduan, aurreko hilabetearen aldean. Datu horien arabera, azken 12 hilabeteetako industriaren prezioen aldaketa jaso duen abenduko urte arteko tasak %4,8ko hazkundea izan du, Eustaten datuen arabera.

   Sektoreen azterketa zehatzagoak erakusten duenez, 2011ko abenduan, eta aurreko hilaren aldean, Erauzteko industriak adarrak izan zuen inflaziorik handiena (%2,2), eta ondoren Zurgintza, papera eta arte grafikoak (%0,2), Industria kimikoa (%0,2) eta Material eta ekipo elektrikoen fabrikazioa (%0,2) taldeek.

   Aitzitik, prezioetan beherakada handiena izan zuten adarrak honakoak izan ziren: Energia elektrikoa, gasa eta lurruna (-%0,8), Elikaduraren, edarien eta tabakoaren industria (-%0,7) eta Metalurgia eta produktu metalikoak (-%0,5).

   Bestalde, urte arteko aldian -2010eko abendutik 2011ko abendura-, prezioen hazkunderik handienak, Energia elektrikoa, gasa eta lurruna (%20,1), Kokea lortzeko eta petrolioa fintzeko fabrikak (%15,8) eta Industria kimikoa (%6,7) adarretan izan dira. Kontrara, prezioetan hazkunderik txikienak Material eta ekipo elektrikoen fabrikazioa (%0,2) eta Ehungintza, jantzigintza, larrugintza eta zapatagintza (%0,5) sektoreetan gertatu dira.

   Ondasunak xede ekonomikoaren arabera sailkatuta, eta aurreko hilarekin alderatuta, abenduan, Energiaren prezioek %0,6 egin zuten behera; Bitarteko ondasunen prezioetan ere beherapena gertatu zen (-%0,4), Ekipamenduko ondasunetan bezala (-%0,1). Kontsumo Ondasunek, oro har, gora egin zuten (%0,2), batez ere Kontsumo ondasun ez iraunkorrek gora egin zutelako (%0,3), Kontsumo ondasun iraunkorren igoera apalagoa izan baitzen (%0,1).

   Ondasunen multzo handi hauen prezioen bilakaera guztiek ere goranzkoak dira urte arteko aldian. Energiaren prezioek %17,6 egin dute gora, Ekipamenduko ondasunenak %2,1, Bitarteko ondasunenak %1,8 eta Kontsumo ondasunenak beste horrenbeste: %1,8. Azken hauen artean, %2,3 igo dira Kontsumo ondasun ez iraunkorren prezioak eta %0,8 Kontsumo ondasun iraunkorrenak.