Informatikari Euskaldunen X. Bilkurako gai nagusia robotika izango da

Ezkerretik eskuinera: Olatz Perez de Viñaspre, Iñaki Alegria eta Edurne Larraza
Foto: UEU
Actualizado: miércoles, 28 octubre 2015 13:07

DONOSTIA, 28 (EUROPA PRESS)

   Udako Euskal Unibertsitateko (UEU) Informatika sailak eta Miramon Enpresa Digitalak Informatikari Euskaldunen X. Bilkura antolatu dute eta azaroaren 12an izango da, Donostiako Miramon Teknologi Elkargunean, "Amesten al dute androideek ardi latx elektrikoekin?" izenburupean. Gai nagusia robotika izango da, eta, horrez gain, esperientziak trukatzea eta elkarlanerako espazioak sortzea dira lortu nahi diren beste helburuak. Topaketa "alorreko erreferentzia" bilakatu dela adierazi dute antolatzaileek aurkezpenean. Matrikula doan da baina izena eman behar da www.ueu.eus helbidean.

   Bilkura aurkezteko prentsaurrekoa izan da asteazken honetan Donostian, eta Iñaki Alegria UEUko zuzendariak, Edurne Larraza bilkuraren koordinatzaileak eta Olatz Perez de Viñaspre bilkurako antolatzaileetako batek parte hartu dute.

   Alegriak gogorarazi du hiru helburu nagusik bultzatzen dutela UEU bere jarduna egitera egunero. Lehena, goi mailako kalitatezko euskarazko formazioa eskaintzea da; bigarrena, eskaintza hori tokian tokiko gizarteak dituen beharrei uztartzea; eta, hirugarrena, ezagutza hori konpartitzeko foroak eskaintzea.

   Informatikari Euskaldunen jardunaldia helburu horien "adibide ezin hobea" dela nabarmendu du Alegriak. "Nahiz eta gero eta gehiago izan, oraindik ez daude gune asko arlo akademiko konkretu batean elkarlanean aritzeko, are gutxiago esparru horretan euskaraz aritzen direnentzat. Hutsune eta behar horretaz jabetuta, UEUko Informatika sailak duela ia bi hamarkada baino gehiago antolatu zuen lehendabiziko aldiz topaketa hau, profesional eta zaletu euskaldunek esparru bakoitzean sortzen diren kezka, iritzi eta gai desberdinak komunean jar zitzaten. Gaur aurkezten duguna hamargarren edizioa da, eta zalantzarik gabe esan dezakegu arloko erreferentea bihurtu dela denbora honetan", azaldu du.

   Bestalde, Larrazak nabarmendu du Informatikari Euskaldunen Bilkurak orain arteko bederatzi edizioetan lortu dituen emaitzak "arrakastatsuak" izan direla, eta batez beste 125 pertsona baino gehiago bildu izan direla jardunaldi bakoitzean, informatikarekin lotura duten hainbat arlotatik etorriak, nagusiki, irakaskuntza, industria, administrazioa eta komunikabideetatik. Azken ekitaldian 200 lagunetik gora izan ziren jardunaldian parte hartu zutenak.

"IZENBURU BEREZIA"

   Aurten, hamargarren edizioa izaki, "izenburu berezia" bilatu nahi izan dutela azaldu du: "Amesten al dute androideek ardi latx elektrikoekin?". Bere hitzetan, robotek, mekanikaz eta elektronikaz gain, softwarea behar dute, eta gaur egun, Internet bidez eta gizarte sareak erabilita robotekin komunikatzeko aukera dago.

   Robotek teknologia berriak barneratzen dituztela azpimarratu du, "gaurkoak, atzokoak eta biharkoak, aurreratuenak", eta gizartean onarturik daudela, etxeko tresna gisa, eta irakaskuntzan eta medikuntzan ere erabiltzen direla.

   "Aurreko edizioetako izenburuak ikusita orain arteko gai guztiak bildu ditugu robotikaren inguruan. Informatikari Euskaldunen Bilkura izanik, robotikaren munduaz ez ezik, informatikan euskaraz jarduteak berezko dituen bestelako gorabeherek ere izango dute lekua bilkurako gaien artean. Beraz, eta ohi bezala, izandako esperientzien eta garatutako softwarearen berri ematea litzateke gure asmoa. Gainera aurten, arratsaldeko mahai inguruan lehen eta bigarrren hezkuntza zikloetako informatikaren irakaskuntza izango dugu hizpide", azaldu du.

   Hamargarren edizioa ospatzeko hainbat ekimen berezi jarriko dituzte martxan. Horrela, Larrazak azaldu du kamiseta dotoreak atera dituztela bilkurarako, ardi latx elektrikoa protagonista dutenak, eta edozeinek erosi ditzakeela www.ueu.eus webgunean. Hala ere, aukera izango da bat eskuratzeko Twitter bidez azaroaren 2tik 6ra martxan jarriko den lehiaketan. Bertan parte hartzeko bilkuraren izenburuari erantzuna eman behar zaio, eta erantzun guztien artean kamiseta zozkatuko da. Horrez gain, hamar urte hauetan zehar bilkuran parte hartu dutenen oroitzapenak jaso nahi dituzte IEB2015 blogean (www.unibertsitatea.net/blogak/ieb2015).