Informatuak egoteko gehien erabiltzen den komunikabidea telebista da oraindik EAEn

Neskato bat telebista ikusten
Foto: GETTY//FUSE
Actualizado: miércoles, 25 febrero 2015 14:05
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 25 (EUROPA PRESS)

   Lau pertsonatatik hiruk (%76) egunerokotasunari buruzko berriak telebista bidez jarraitzen dituzte egunero Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), portzetaje hori gainerako komunikabideena baino "dezente handiagoa" izanik. Bigarren eta hirugarren lekuan daude, berrien eguneroko jarraipenari dagokionez, irratia (%43) eta Internet (%42).

   Gainera, albisteen berri ere telebistatik jasotzen da gehienez (%52k aurreko astean arreta gehien eman zien albistearen berri bertatik izan zuten), eta albisteen jarraipena ere komunikabide horretatik egiten da (%68).

   Horrela jasotzen da Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egindako txosten batean. Ikerlanaren arabera, konfiantza handiagoa da komunikabide tradizionaletan (irratia, prentsa, telebista) sare sozialetan baino.

   Azken urteetako bilakaerari dagokionez, egunero albisteen jarraipena Internet bidez egiten dutenen portzentajea handitu da batez ere: 2010eko %13tik gaur egungo %42ra. Azken lau urteetan handitu egin da telebista bidez eta irrati bidez albisteak egunero jarraitzen dituztenen portzentajea ere, eta egunero egunkaria paperean irakurtzen dutenena gutxi gorabehera berdin mantendu da.

   18 eta 29 urte bitarteko gazteen artean, egunero telebista bidez informatzen direnen (%60) eta Internet bidez informatzen direnen (%61) portzentajeak nahikoa antzekoak dira, eta irratien (%19) eta egunkarien (%19) bidez informatzen direnak dezente gutxiago dira. Intereseko albistearen lehen berria Internet bidez izan dutenen portzentajea ere handiagoa da gazteenen artean, bai eta albiste horren jarraipena komunikabide hori bera erabiliz egiten dutenena ere.

   Biztanleen %61ek adierazi du, albisteez aparte, politikari buruzko bestelako saio edo programak ikusi edo entzuten dituela telebistan edo irratian. Halaber, lautik batek ikusi zuen bezperan mota horretako saioren bat (%24).

   Elkarrizketatutako pertsonen %60k komunikabide tradizionalak zein Internet erabiltzen ditu egunerokotasun albisteez informatuak egoteko; %39k soilik komunikabide tradizionalak erabiltzen ditu; eta %1ek soilik Internet.

   Bi motatako komunikabideak erabiltzen dituztenen portzentajea %87raino handitzen da gazteenen artean, eta adinean gora egin ahala txikitu egiten da: 64 urtetik gorakoen %19 arte. Gainera, hamar elkarrizketatuetatik zazpik (%71) nahiago dute informatzeko komunikabide ezberdinak erabiltzea, eta soilik %23k adierazi du fidelak izaten direla komunikabide bakar bati.

   Bestalde, biztanleen herena inguruk uste du komunikabideek eragin handia edo nahikoa dutela euren iritzietan: telebistak eragin handia edo nahikoa duela uste du %34k, irratiak %33k eta egunkariek %32k. Sare sozialei egozten zaien eragin ahalmena txikiagoa da: %21ek uste du eragin handia edo nahikoa dutela euren iritzietan, gazteenen artean portzentaje hori %43raino handitzen den arren.

KONFIANTZA

   Komunikabideek ematen duten informazioan 5,4ko konfiantza erakutsi dute elkarrizketatuek, 0tik 10erako eskalan. Konfiantza handiagoa da kulturari (6,4) eta kirolari (6,1) dagokion informazioan, eta txikiagoa ekonomiari (4,4) eta, batez ere, politikari buruzko informazioan (3,7).

   Komunikabide mota bakoitzari dagokionez, konfiantza maila handiagoa da irratian (5,9), prentsa idatzian (5,9) eta telebistan (5,9), guztiak bostaren gainetik kokatuz. Aitzitik, konfiantza txikiagoa da sare sozialetan, guztiak bostaren azpitik agertuz: Twitter 4,6, Facebook 4,5 eta Whatsapp 4,0.

   Halaber, herritarren %64k nahiago du komunikabideak neutralak eta inpartzialak izaten saiatzea egunerokotasunezko gaiez informatzerakoan.

   Bestalde, %60k ez dio arretarik eskaintzen Internet bidez sartzen zaien publizitateari; gaztenen artean txikiagoa da arretarik eskaintzen ez diotenen portzentajea (%48), eta adinean gora goazen neurrian txikitu egiten da arreta hori (64 urtetik gorako pertsonen %73k adierazi dute internet bidez jasotzen duten publizitateari ez diotela arretarik eskaintzen).

   Internet bidez jasotzen den publizitateari buruzko informazio osagarriaren bila jotzen dutenen portzentajea ere handitu egiten da elkarrizketatua zenbat eta gazteagoa izan: 65 urte edo gehiagokoen %74k ez du inoiz jotzen iragarritako orrira informazio osagarriaren bila; gazteenen artean portzentaje hori %56 arte txikitzen da.

   Elkarrizketatutako pertsonen %29k adierazi du oso edo nahikoa informatuta daudela Eusko Jaurlaritzak egiten duenaz. Batere informatuta ez daudela dionenen portzentajea txikitu egin da 2010 urteaz geroztik, %30etik egungo %14ra.

   Erdiak baino gehiagok informazio hori telebista (%69) eta prentsa (%55) bidez eskuratzen dute. Jasotzen den gobernuko informazioari ematen zaion konfiantza maila hamarretik 5,4koa da, orokorrean komunikabideetatik jasotzen den informazioari ematen zaion bera.

   Azkenik, elkarrizketatutakoen erdiak baino gehiagok (%57) Eusko Jaurlaritzako webgunea ezagutzen du, eta batzuetan erabili egiten du (%52). Irekiaren webgunea %17k ezagutzen du.