Ingrid Fliter pianista lehen aldiz ariko da Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin

Ingrid Fliter
EUSKADIKO ORKESTRA SINFONIKOA
Actualizado: miércoles, 13 enero 2016 14:18

DONOSTIA, 13 (EUROPA PRESS)

   Euskadiko Orkestra Sinfonikoak (EOS) bonu denboraldiko laugarren programa emango du Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, asteazken honetatik, urtarrilaren 13tik, hilaren 18ra bitartean, eta, lehen aldiz, Ingrid Fliter pianista argentinarra izango da gonbidatua. Jun Märkle EOSeko zuzendari titularrak gidatuko dituen emanaldietan Maurice Ravelen "Piano eta orkestrarako kontzertua sol maiorrean" interpretatuko du pianista argentinarrak.

   "Antzinako Greziatik jazzeraino" izenburuko programa Ziburuko konpositorearen ingurukoa izango da. Bertan, Ravelen "Daphnis eta Chloé" balleta eta bere maisu izan zen Fauréren "Pavane" izango dira entzungai, EOSeko iturriek jakinarazi dutenez.

   Lehen emanaldia Bilboko Euskalduna jauregian izango da, asteazken honetan, eta ondoren, ostetunean Gasteizko Principal antzokian, 15ean eta 18an Donostiako Kursaal auditoriumean eta 16an Iruñeko Baluarte auditoriumean.

   Buenos Airesen jaioa, Ingrid Fliter Europan zein AEBetan aritzen da nagusiki. Ipar Amerikan, Cincinnati Symphony Orchestra, Cleveland Orchestra, Los Angeles Philharmonic San Francisco Symphony Orchestra, Seattle Symphony Orchestra eta abarrekin aritu da lankidetzan, eta Europan, berriz, Philharmonia Orchestra, Royal Stockholm Philharmonic, Rotterdam Philharmonic, Bergen Philharmonic, Royal Liverpool Philharmonic, Hungarian National Philharmonic orkestrekin, besteren artean.

   Errezitaldiak eman ditu bakarka Amsterdamgo Concertgebouw, Tokyoko Suntory Hall, Londreseko Wigmore Hall eta New Yorkeko Carnegie Hall areto ezagunetan.

MASTER OFIZIALA

   Bestalde, estatu mailako hari instrumentuetarako Orkestra Ikasketen lehenbiziko master ofizialaren lehen ikasturteak aurrera darrai, eta biolin, biola eta biolontxelo ikasleek agertokia partekatuko dute EOSeko kideekin bonu programako entsegu eta kontzertuetan. Horrez gain, Aula Jordá Gela hitzarmenaren baitan, kontzertuekin uztartuta, Ingrid Fliter pianistak ikastaro magistral bat emango dio Musikeneko ikasle talde bati. Topaketa urtarrilaren 18 izango da, EOSen Miramongo egoitzan.

   Programa honen baitan Donostiako Kursaalen izango diren kontzertuek Donostia 2016ko "Elkarrizketak" lerroaren babesa daukate. DSS2016EUren programazio lerro horren xedea da inguruko kultur programatzaileekin loturak sortzea eta Hiriburutza Urteren balioei lotuta dauden proiektuak laguntzea.

   Sarrerak zazpi eurotik gora daude salgai eta www.euskadikoorkestra.eus webgunean, aretoetako leihatiletan eta beste ohiko salmenta bideak erabiliz erosi daitezke.