Ingurumen Kazetaritzaren I. Saria eratu du Eusko Jaurlaritzak

Actualizado: lunes, 30 marzo 2015 11:34

BILBO, 30 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikak, Ihobe sozietate publikoarekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Ingurumen Kazetaritzaren I. Saria iragarri du, "ingurumen balioak herritarren artean zabaltzeko orduan hedabideetako profesionalek betetzen duten funtsezko eginkizuna aitortzearren".

   Jaurlaritzak adierazi duenez, hedabideek "funtsezko eginkizuna" betetzen dute gure inguruan jasangarritasunaren kultura bultzatu eta zabaltzeko eta, horregatik, "kazetariak argi eta garbi aintzatetsi nahi ditugu, beren lanaren bidez laguntzen baitute herritarrek garapen jasangarriaren oinarri diren balioak hobeto ulertu eta ikus ditzaten".

   Sariak 5.000 euro banatuko ditu guztira, eta zenbateko horretatik 2.000 euro EAEko Ingurumen Kazetaritzaren 2015eko Saria irabazten duen lanarentzat izango dira. Epaimahaiak hiru accesit emango ditu gehienez (1.000na euro), eta aipamen bereziak ere egin ahal izango ditu, baina dirusaririk gabe.

   Saria irabazteko hautagai izango dira EAEko ezein hedabidetan beren izenarekin edo ezizenarekin kazetaritzako lanen bat argitaratu, igorri edo zabaldu duten komunikazioko profesionalak. Lanak taldean edo bakarka egindakoak izan beharko dira, eta 2014an argitaratu edo igorritakoak, idatzizko hedabideetan, irratian, telebistan edo interneten.

   Ingurumenaren eta garapen jasangarriaren gaiari heldu beharko diote aurkeztutako lanek, esparru hauetan, adibidez: biodibertsitatearen kontserbazioa eta kapital naturala; klima aldaketa arintzea eta horretara egokitzea; ingurumenaren eta osasunaren arteko harremana; baliabideen eraginkortasuna; ingurumen hezkuntza eta etorkizuneko belaunaldiekiko konpromisoa.

   Hautagaiek bina lana aurkeztu ahal izango dituzte gehienez, EAEko bi hizkuntza ofizialetako batean. Apirilaren 30ean amaituko da lanak aurkezteko epea. Izen handiko profesionalak egongo dira saria emango duen epaimahaian, kazetaritzaren eta ingurumenaren esparrukoak zein enpresaren eta irakaskuntzaren arlokoak. Epaimahaiaren erabakia ekainaren 5a baino lehen ezagutaraziko da.