Ingurumena gestionatzeko eredua azalduko du Bilbok Kolonbian

Bilboko itsasadarraren berreskuratzea izango du hizpide Aresok
Foto: Europa Press
Actualizado: jueves, 16 abril 2015 13:24

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

   Ingurumena gestionatzeko eredua azalduko du Bilboko Udalak Kolonbian, NBE-Habitat Giza Asentamenduetarako Nazio Batuen Agentziaren eta Garapenerako Banku Interamerikarraren (GBI) babespean Kolonbiako Kordoba departamenduko hiriburu Monteriako Udalak antolatutako I. River City Global Forum foroan (Ibaidun Hirien Foro Globala). Bilbok ostegun honetan parte hartuko du foroan, aurreneko saioan, "Munduko hiriak ibaiak biziberritzearen alde" izenburupean.

   Horrela, 10:00etatik aurrera -17:00ak Euskadin-, Ibon Areso Bilboko alkateak Bizkaiko hiriburuan azken hiru hamarkadetan bideratutako eraldaketa prozesua azalduko du. Prozesu horretan garrantzi estrategikoa izan du ingurumenak, hau da, itsasadarra garbitzeak, ibaiaren ertzak berreskuratzeak, berdeguneak jartzeak eta hiri garapen bideragarriaren eredu berria finkatzeak, ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren ikuspegitik.

   Horretarako, Aresok mahai inguru batean parte hartuko du parte, Txinak Kolonbian duen enbaxadore Wang Xiaoyuan, Kolonbiako Ingurumen eta Garapeneko ministroorde Pablo Viera eta Monteriako alkatea den Carlos Eduardo Correarekin.

   Halaber, "Urban Talk" saioan ere izango da Areso, larunbatean, apirilaren 18an, eta itsasadarra biziberritzeko, ekoturismoa eta garapen ekonomikoa bultzatzeko Bilboko Udalak abiarazitako ekintzak eta proiektuak zehaztuko ditu. Ibaidun Hirien I. Foro Globala larunbat eguerdian amaituko da, ibaidun hiri bideragarrien "lehenengo harria" deritzon ituna sinatuta.

   Ostegunetik larunbatera bitartean, Ibaidun Hirien I. Foro Globala ibai arroetatik hurbil dauden hirien etorkizuneko erronkei buruz eztabaidatzeko gunea izango da, bost kontinenteetako instituzioen ordezkarien, nazioarteko erakundeen, adituen, enpresen eta komunikabideen parte hartzearekin.

   Ibaidun Hirien Foro Globalaren bidez, ur baliabideen gainean kontzientzia sortzeko sare orokorra sortu nahi da, aurrerapen ekonomikoa eta herrien, sinesmenen eta kulturen garapena bultzatzeko ibaiek duten ahala agerian jarrita eta ibaiak hiriei eta hiriak pertsonei itzulita.