UEUren Udako Ikastaroak ostegunean hasiko dira

UEUren 45. Udako Ikastaroak
UEU
Actualizado: martes, 20 junio 2017 12:20

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) 45. Udako Ikastaroak hasiko dira ostegunean, ekainaren 22an, "Ingurune digitalaren ikerketak Euskal Herrian" jardunaldiarekin. Ekitaldia Bilboko Azkuna Zentroan izango da, 09:45etik aurrera, UEUk jakinarazi duenez.

Antolakuntzak adierazi du gutxi direla orain arte ingurune digitalaren inguruan Euskal Herrian egin diren ikerketak, ez bada alde teknologikotik. Hutsunea bereziki gizarte zientzietan eta diziplinen arteko ikuspuntutik sumatzen du UEUk, eta horregatik gai hauek ardatz dituzten ikerlariak bildu zituen Ikergazte biltzarrean maiatzean.

UEUrentzat "estrategikoa" den jardunaldiaren helburuak dira Euskal Herrian Interneten eta IKTen gaineko ikerketa zentro baten beharra jendarteratu eta indartzea, Euskal Herriko zein atzerriko Interneten inguruko zentroen esperientziak ezagutzea, eta unibertsitateak, administrazioak eta enpresak elkarlanean jartzeko aukerez hausnartzea.