Innova Basque Audiovisual-en bigarren edizioa jarri dute martxan Eikenek eta EiTBk, saio pilotuen ekoizpena sustatzeko

Actualizado: miércoles, 30 enero 2013 14:41

BILBO, 30 Ene. (EUROPA PRESS) -

Eiken Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak eta EiTBk Innova Basque Audiovisual egitasmoaren bigarren edizioa jarri dute martxan, hau da, saio pilotuen ekoizpena sustatzeko iaz sortutako ekimenaren bigarrena edizioa. Egitasmoaren lehen edizioari esker, ikus-entzunezkoen lau proiektu berritzaile grabatu, eman eta merkaturatu dira nazioartean, bere sustatzaileek gogoratu dutenez.

Aurreko edizioan bezala, nazioarteko epaimahai batek aztertuko ditu ideiak eta proiektu onenak aukeratuko ditu, kanpoko merkatuetan saltzeko dituzten aukeren arabera ekoitzi, eta gerora, ETBk eman ditzan. Parte hartzeko oinarriek ateak zabalik utzi dizkiete Euskadin egoitza duten ikus-entzunezkoen ekoizpen etxe guztiei, eta oinarri horien arabera, proiektu finalistak ETBren saio berezietan emango dituzte, irailean zehar.

Proiektuak aurkezteko epea martxora arte egongo da zabalik. Edizio honek badu berrikuntza bat: otsailean, nazioarteko formatuen tailer bat emango dute, enpresek zeinahi merkatura esportatzeko moduko produktuak sortzeko elementu giltzarriak identifikatu ditzaten. Ikastaro hori FRAPA telebistaren arlo horretan espezializatutako nazioarteko erakundeko adituek eskainiko dute.

Era berean, Basque Audiovisual-en erakusmahaiaren bitartez, ekimen hau munduko bi azoka garrantzitsuenetakoetan aurkeztuko da, hau da, Cannesen egiten diren MIPFORMAT eta MIPCOM azoketan. Horri esker, ziurtatuta egongo da proiektuaren nazioarteko hedapena.

NAZIOARTEKOTZEA ETA BERRIKUNTZA

Innova Basque Audiovisual egitasmoaren oinarriak zuzeneko lotura dauka ikus-entzunezko proiektuen nazioartekotzearekin eta finantzaketa publiko zein pribaturako modu berritzaileak bilatzearekin. Horrenbestez, ekimen honek "win-win" estrategia izango du, eta ondorioz, zerikusia duten eragile guztiek izango dituzte abantailak eta oso arrisku mugatuak partekatuko dituzte.

Industriaren ikuspegitik, Innova Basque Audiovisual-en helburua enpresek oinarrizko babes ekonomikoa aurkitzea da, "papereko" ideiak benetako produktu bihurtzeko, eta hala, nazioarteko merkatuetan saldu ahal izateko.

Proiektuaren eraginkortasuna argi eta garbi ikusi da lehenengo edizioan. Horrela, saio irabazlea (Pausokaren "Ama, vótame" talent-showa) eta gainerako hiru ideia finalistak (3Komaren "¿Tú o yo?", Baineten "¿A quién señalas con el dedo?" eta Pausokaren "Consejo de Sabios") nazioarteko merkatuetara iritsi dira.

Hala, Global Agency banatzaileari saldu zizkion Pausokak "Ama, vótame" saioaren nazioarteko eskubideak, eta aurten, 20tik gora herrialderi saltzeko asmoa du; dagoeneko, AEBetako, Txinako, Errusiako eta Espainiako aukeren artean dago, Endemolen bitartez. 3Komaren "¿Tú o yo?", berriz, Kanadari (eremu frantsesean zein ingelesean), AEBei, Erresuma Batuari eta Italiari saldu zaie.