Intergune+ topaketak 70etik gora hizlari bilduko ditu azaroaren 23an eta 24an BECen

Actualizado: lunes, 2 noviembre 2015 11:28

BILBO, 2 Nov. (EUROPA PRESS) -

Intergune+ topaketak nazioartekotzearekin lotura duten Euskadiko erakundeak, eragileak eta enpresak eta atzerritik heldutako hainbat ordezkari bilduko ditu azaroaren 23an eta 24an Barakaldoko (Bizkai) Bilbao Exhibition Center (BEC) gunean. Hitzorduak 70etik gora hizlari eta 28 erakusketari izango ditu, SPRIk jakinarazi duenez.

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak inauguratuko du topaketa, eta, ondoren, munduko egoera ekonomikoari buruzko mahai inguru batekin hasiko da topaketaren hitzaldi eta jardunaldi sorta. Saio horretan, Txina, Brasil, Grezia, Ekialde Ertaina edo Kuba izango dituzte mintzagai eta aztergai, besteak beste, Javier Ormazabalek (Ormazabal-Velatia), Andres Arizkorretak (CAF) eta Anton Praderak (CIE Automotive).

Mahai ingurua bukatuta, saio paraleloak hasiko dira, horretarako egokitutako aretoetan: Polonia, negozio eta inbertsio aukerak; Kolonbia, euskal konponbideak hiriko garapen iraunkorrerako; Nazioarteko On Line Banka; Nazioarteko IKTen azpiegitura hedatzea, fabrika kudeatzeko; Nazioarteko kokapenaren giltzarriak: atzerritarrek nola aurkitzen gaituzte?; EBren eta Kanadaren arteko merkataritza libreko itunaren aurreikuspenak; Iran, agertoki berria, uztaileko akordio historikoaren ostean; Atzerriko filialen kudeaketa; On line denda baten nazioartekotzeko erronkaren gakoak; Atzerriko inbertsioak Euskadira erakartzeko estrategia; eta Eusko Ganberak eta Nazioartekotzea.

Azaroaren 24an Mexiko izango da protagonista nagusia, topaketaren aurtengo edizioko herrialde gonbidatua baita. Inbertsiorako egokitzat hartzeko arrazoiak azaltzearekin batera, energia eta automobilgintza sektoreetan dauden aukerak aurkeztuko dira, baita bertan ezarritako euskal enpresen eskarmentua ere.

SPRIko nazioartekotze saileko ordezkariez gain, Promexico eta CFE-Elektrizitate Batzorde Federaleko kideek eta Pemex, BMW, DANA eta DHLko ordezkariek hartuko dute parte jardunaldian. Euskal enpresen esperientzia, Vicrila, Nextel eta Ur Globalen eskutik etorriko da.

Halaber, Europar Batzordeak iaz aurkeztutako inbertsio plan handia, Juncker Plana delakoa, mintzagai izango da topaketan, baita nazioarteko lankidetza teknologikorako laguntzak eta programak ere. Horiekin batera, beste jardunaldi hauek beteko dute bigarren eguneko egitaraua: Kuba, esparru ekonomiko berria; Namibia, garapen bideak dagoen merkatu egonkorra Afrika hegoaldean; Liderrak mundo mailako merkatu hobietan: Euskadiren kasua; Cabo Verde: Afrikan sartzeko plataforma; Trenbide sektoreko enpresentzat aukerak merkatu multilateraletan.

HIZLARIAK

Esan bezala, 70etik gora hizlarik parte hartuko dute nazioartekotzeari buruzko hitzorduan, besteak beste, Kuba, Namibia eta Cabo Verdeko enbaxadoreak, Kanada, Mexiko, Iran, Polonia eta Kolonbiako erakunde publiko zein pribatuetako kideak eta euskal erakundeetako eta enpresetako hainbat ordezkari.

Intergune+ ekitaldira eta bertan eskaintzen diren hitzaldi edota jardunaldietara joan nahi duen edonork, www.spri.eus webgunean eman behar du izena aldez aurretik.

Intergune+ topaketaren zutabe nagusia SPRIren Kanpo Sarea izango da, 70 herrialde baino gehiagotan zabaldutako sarea. SPRIk atzerrian dituen ordezkari eta aholkulariak bertaratuko dira, bakoitzaren ardurapean dagoen herrialdeari buruzko informazioa enpresei helarazteko. Kanpo sareko ordezkariekin biltzeko interesa duten enpresek, aldez aurretik egin behar dute eskaera horretarako bereziki egindako webgunearen aplikazioan.

SPRIren Kanpo Sareaz gain, nazioartekotzeko beste eragile batzuekin biltzeko aukera ere eskainiko du topaketak, webgunearen bidez aldez aurretik eskaerak igorriz gero.

Azkenik, Intergune+ nazioartekotze foroa osatzeko, erakusketa eremu bat izango da, non 28 erakusketarik, erakunde publiko zein pribatuk, euren nazioartekotze zerbitzuen berri emango duten. Bertan izango dira, besteak beste, Bankinter, DHL, Lufthansa, foru aldundiak, merkataritza ganberak eta Adegi.