Ipar Kutxak eta LKS Taldeak enpresei zuzendutako konponbide finantzazioak ematen dituen konpainia berria sortu dute

Actualizado: viernes, 20 mayo 2011 14:03

BILBO, 20 May. (EUROPA PRESS) -

Ipar Kutxa kreditu-kooperatibak eta Mondragon Korporazioko kidea den LKS Taldeak enpresei zuzendutako soluzio finantzarioetan espezializatuta dagoen enpresa berri bat abiarazteko akordioa gauzatu dute. Konpainia maiatzaren 17an eratu zen Bilbon IK-LKS Corporate, S.M. izendapenaz, eta Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) Corporate Finance alorreko erreferentzia bilakatzeko asmoz sortu da.

IK-LKS Corporate, S.M. bere bi bazkideen akordio eta sostengu tinkoaren haritik jaio da: alde batetik, Ipar Kutxa, banku alorreko erakundea; bestetik, LKS S. Koop, finantza-korporatiboetako profesionalen esperientzia eta ezagutza duen erakundea. Hasieran, sozietate berriak "Balorazioak eta Azterketak", "M&A Advisory" eta "Capital Markets" alorretako eragiketetara hedatuko du bere jarduera.

Ipar Kutxaren ikuspegitik, ekimen honen bidez, segmentu estrategikoetako bat sustatu nahi da, enpresa bezeroena alegia, eta horretarako, garrantzizko sinergiak eragiteko moduko jarduera osagarria garatuko du. Sozietate berrian duen partaidetzaren bitartez, Ipar Kutxak balio erantsi handiagoko zerbitzuak eskaini ahal izango dizkie maila horretako bezeroei, eta honek finantza-negozioari dagozkion kopuruak eta bolumena handitzeko aukera emango dio.

LKS Euskadiko nahiz Estatuko zerbitzu profesionalen sektorean "ezinbesteko erreferentzia" bilakatu da eta mila langile baino gehiago eta 70 milioi euro inguruko negozio-bolumena du. Horrez gain, ondo kontsolidatutako harremanak ditu euskal enpresa-ehunarekin, baita finantza korporatiboetako proiektuei lotutako edozein diziplina era globalean jorratzeko moduko lantalde profesionala ere, abokatuez, aholkulariez eta auditoreez osatutakoa.

Gerente-sustatzaile karguaz, Ramon Molinero izango da sozietate berriaren burua, postu horren betekizunetara egokitzen den profil profesionalari esker eta bi bazkideen lan talde profesional espezializatuen adostasunaz. Molinero, egoitza Antzuolan (Gipuzkoa) eta Mexikon eta Txekiar Errepublikan ekoizpen-instalazioak dituen Matz-Erreka S. Koop. enpresako finantza-zuzendaria izan da, Mondragon Korporazioko Osagaien sailaren barruan. Horren aurretik, Arthur Andersen konpainiako auditorea eta Banestoko arrisku-analista izan da.