Ipar Kutxak eta Ofydek Ingurubide proiektuari eman diote Enpresa Lankidetzarako Ideia Onenaren I. Saria

Actualizado: viernes, 27 mayo 2011 15:21

BILBO, 27 May. (EUROPA PRESS) -

Ipar Kutxa kreditu-kooperatibak eta Ofyde Taldeak berrikuntza sustatzeko bultzatu duten Innovation Meeting Club (IMC) deritzon ekimenak Enpresa-Lankidetzarako Ideia Onenaren Sariaren lehenengo edizioko golardoa eman zuten atzo, osteguna hilak 26. Saria, 3.000 eurokoa, etxebizitzen birgaikuntzan iraunkortasuna sustatzeko asmoz sortu den Ingurubide proiektuak irabazi du.

Saria emateko ekitaldia Ipar Kutxak Bilboko Areatzan duen egoitza nagusiko ekitaldi aretoan egin zen. Ibon Basterrechea Ofyde Taldeko presidentea eta Javier Fontanils, Ipar Kutxaen ordezkari gisa, Ingurubideri golardoa emateaz arduratu ziren.

Ekimenaren antolatzaileek adierazi dutenez, saria "ezinbesteko erreferentzia" bilakatzea lortu nahi da, euskal enpresa-ehunaren lehiakortasuna hobetzea erraztuko duten ekimen berritzaileak, eraginkorrak eta bideragarriak aurkitzeko ahaleginean. Proiektuak aukeratzeko irizpideetan, izaera berritzailea, bideragarritasuna, aurreikusitako onurak eta planteamenduen garapen-maila txertatu dira.

Hauek izan dira lehen edizio honetako epaimahaiko kideak: Leire Bilbao, Innobasqueko Enpresa-Berrikuntzako zuzendari nagusia; Alejandro Bengoa, Teknikerreko zuzendari nagusia; Mikel Arieta-Araunabeña, Bilboko Merkataritza Ganberako zuzendari gerentea eta Jesus Romo, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Campus Birtualeko zuzendaria.

INGURUBIDE

Planteamenduaren bideragarritasunagatik, onurengatik eta proiektuan parte har dezakeen enpresen kopuruagatik, Eider Uriarte Castañedak aurkeztutako Ingurubide delako proiektua izan da aurtengo irabazlea. 60 enpresaren arteko lankidetza du ardatz, 200 produktu baino gehiagoren erreferentziak barne hartuta, eta birgaikuntza iraunkorrari buruzko erakusketa etengabea eskaintzea du xede.

Honela, etxebizitza edo lokala irunkortasun-irizpideen arabera eraberritu edo hornitu nahi dutenek esparru bakarrean aztertu ahal izango dituzte aldez aurretik zeintzuk diren eskuratzeko moduan dituzten soluzioak: eraikuntza-materialak, energia aurrezpenerako eta eraginkortasunerako dispositiboak, energia alternatiboak, kontsumo txikiko etxetresna elektrikoak, ziurtatutako zurak eta abar.

Proiektuak ekoizle, banatzaile eta kontsumitzaileen arteko topagunea proposatzen du iraunkortasunari dagozkion gaietarako. Europan aitzindaria den zentro honek izapide, diru-laguntza, ordenantza eta abarrei buruzko informazioa eskaintzen du, bai eta prestakuntza zerbitzuak ere. Ildo honetan, ondo ekipatutako aretoa du, iraunkortasunari buruzko ikastaroak, hitzaldiak, jardunaldiak eta tailerrak antolatu eta liburuak, lanak eta esperientziak aurkeztu ahal izateko.

Hauek dira proiektuaren ebaluazioan nabarmendu diren alderdiak: proposamenaren bideragarritasuna, horretan parte har dezakeen enpresa kopuru handia, aukera leihoa haziz doan sektore batean finkatuta egotea, eta eragileek merkatuaren eskariei eta joera berriei erantzuteko duten informazio nahikorik eza, eraikitzaileak, ingeniariak eta partikularrak barne hartuta.

Sarirako aurkeztu ziren 12 planteamenduetatik, epaimahaiak bost finalista aukeratu zituen. Hauen artean zeuden hirugarren adinari zuzendutako tele-txat zentro bat, ibilbide turistikoen kudeaketa telematikoa, lankidetzaren bidezko gizarte-integrazioa edota dispositibo elektroniko birkonfiguragarrietarako teknologia.