Iparraldean euskara sustatzeko 1,9 milioi euro

2017-2022 Aldirako Hitzarmen Markoa Sinatu Dute
IREKIA
Actualizado: miércoles, 12 julio 2017 14:56

BILBO, 12 (EUROPA PRESS)

Eusko Jaurlaritzak eta Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoak 2017-2022 epealdirako hitzarmen marko berriaren xehetasunak aurkeztu dituzte asteazken honetan, Baionan izandako prentsaurrekoan, martxoaren 29an akordioa sinatu ostean. Guztira, 1.930.000 euro izango dira Ipar Euskal Herrian euskara sustatzeko, hau da, iaz baino 200.000 euro gehiago.

Udaberrian iragarri bezala, Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 400.000 euro jarri ditu Iparraldean euskara sustatzen duten eragileen lana laguntzeko, eta Euskararen Erakunde Publikoak 1.530.000 euro jarri ditu.

Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordea, Beñat Arrabit Euskararen Erakunde Publikoko (EEP) presidente berria eta Bernadette Soule EEPko zuzendaria izan dira Baionan egindako prentsa agerraldian.

Bi erakundeen arteko hitzarmen markoa 2007an sinatu zen lehenengoz eta, jasotzen duenez, Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak euskararen gaineko hizkuntza politikako gaietan mugaz gaindiko lankidetza garatzearen aldeko borondatea berresten dute, oraingoan 2017-2022 epealdirako. Horrez gain, bi alderdiek adierazten dute hizkuntza politikan sustatuko den elkarlana mugaz bi aldeetako ezaugarri juridikoak kontuan izanda garatuko dela, eta ezaugarri juridiko horien artean diren ezberdintasunekiko errespetuan jarduteko borondatea agertzen dute.

Elkarlanaren bidez, Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak euskara sustatzeko asmoa duten proiektu ezberdinen artean banatzen dute aurrekontua. Diru laguntza batzuk hitzarmen zehatzen barruan ezarririk daude, eta beste batzuk deialdi irekiaren bidez erabakitzen dira.

DIRU LAGUNTZAK

Horrela, hitzarmen baten bermea duten erakundeen artean 1.550.000 euro banatuko dira. Atala honen barruan, 496.000 euro jarri dira euskarazko irakaskuntzan ari diren erakundeen lana sustatzeko: Seaskarentzat, 405.000 euro izango dira (iaz baino 25.000 euro gehiago), Ikas Birentzat 40.000 euro (5.000 euro gehiago), Biga Bairentzat 23.000 (2.000 euro gehiago) eta Euskal Haziak elkartearentzat 28.000 euro (zenbateko bera).

Beste 500.000 euro ezarri dira AEK-k helduen euskalduntzean egiten duen lana diruz laguntzeko, iaz baino 89.000 euro gehiago. Hirugarrenik, 234.000 euroko zenbatekoa aisialdiaren alorreko jarduerak sustatzera joango da: Bertsolarien Lagunak Elkartearentzat 55.000 euro (kopuru bera) eta Uda Lekurentzat 179.000 euro (34.000 euro gehiago). Azkenik, 320.000 euro jarri dira euskal hedabideen lana sustatzeko: Euskal Irratiak elkarteak 310.000 euro jasoko ditu (25.000 euro gehiago), eta Euskal Hedabideak elkarteak 10.000 euro.

Bestalde, hizkuntza jarduera proiektuen deialdiarentzat jarri den diru multzoa 380.000 eurokoa izan da, iaz baino 30.000 euro gehiago. Deialdi honen bidez era guztietako 72 proiektu diruz lagunduko dira, tartean hitzarmen zehatzik ez duten hedabideak edota musika eskolak.

Miren Dobaranek lankidetzaren garrantzia azpimarratu du agerraldian. Bere hitzetan, lankidetza formula honen emaitzak "oso positiboak" izaten ari dira. "Arlo publikoan, pribatuan, hezkuntzan, aisialdian eta gizartearen esparru guztietan sustatu behar dugu euskara, eta elkarlanak hori lortzeko bermeak eskaintzen dizkizu. Elkarlana Eusko Jaurlaritza eta Euskararen Erakunde Publikoaren artean, eta elkarlana, baita ere, diru-laguntzak jasotzen dituzten elkarte eta erakundeekin", adierazi du.