Irakurketa errazari buruzko erakusketa bat irekiko dute gaur Donostian

Irakurketa erraza ardatz, erakusketa irekiko dute gaur Donostian
Foto: GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: jueves, 2 octubre 2014 13:48
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

DONOSTIA, 2 (EUROPA PRESS)

   Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneak "Irakurtzea, plazerra eta eskubidea" erakusketa zabalduko du gaur, urriaren 2an, "irakurketa errazaren" kontzeptua ardatz hartuta. Irakurketa errazeko materialak arreta bereziz prestatuak izan dira, edonork irakurri eta ulertu ahal ditzan, nahiz eta irakurtzeko eta ulertzeko zailtasunak izan arrazoi fisiko, psikiko edo sozialengatik. Hain zuzen ere, kolektibo horien premia da informazio erraza eta ulergarria izatea eta irakurketaz gozatzea, eta premia horri erantzuten diote irakurketa errazeko materialek.

   Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, "Irakurtzea, plazerra eta eskubidea" erakusketako materialen bidez, irakurketa erraza zer den azaldu nahi da, informazio hori ahalik eta gehienei emateko eta material horren erabiltzaile izan daitekeen jendearengana eta kolektibo horiekin lan egiten dutenengana iristeko.

   Irakurketa errazaren egitasmoak irakurketa demokrazia eta irakurketaren bidez gizarteratzea ditu oinarri. Kontzeptu horren helburua da irakurtzeko eta ulertzeko arazoak dituztenei (biztanleriaren %30) irakurgaiak eskuragai jartzea. Irakurketa errazak kolektibo horiei aukera ematen die irakurketaz eta kulturaz gozatzeko eta informazioa jasotzeko, edozein herritarrek dituen eskubideak direnez gero.

   Urriaren 17ra arte ikusgai izango den erakusketan, informazio taulak eta ikus-entzunezko proiekzioak izango dira ikusgai, hainbat liburutegitan eta erakunde nahiz elkartetan aurten abian jarri diren irakurketa klubek prestatuak.

   Irakurketa errazaren egitasmoa duela urte eta erdi pasatxo iritsi zen Euskadira, Irakurketa Erraza taldearen eskutik, Katalunian duela hamarkada bat abian jarri zen esperientzia batean oinarrituta. Gipuzkoako udalerri batzuetan jada hasi dira irakurketa errazari buruzko ekimenak lantzen. Donostian, Koldo Mitxelena Kulturuneak ekimenaren bultzatzaile nagusietako bat bilakatu nahi du kulturaren alorrean.

   Koldo Mitxelena Kulturuneak, Donostiako eta Gipuzkoako erreferentziazko liburutegi eta kultur gune gisa, aukera du irakurketa errazaren apustuaren bidez kolektibo berriengana iristeko, zerbitzu berriak eskaintzeko, kultur gune publiko baten sozializazio maila zabaltzeko eta, baita ere, erabiltzaileei informazio eskuragarritasunaren irizpideak aplikatzeko.

   "Hau da, kulturarako eta irakurketa demokraziarako sarbidea bermatzeko, irakurketa errazeko klubak sortzen eta koordinatzen laguntzeko eta gizarte sinergiak ezartzeko: irakurketa errazak komunitatea hezurmamitzen baitu", azaldu du.

   Erakusketak ostegun honetan irekiko ditu ateak, eta jendearen esku egongo dira Koldo Mitxelenako liburutegiak erosi dituen irakurketa errazeko materialak. Aurkezpen ekitaldia arratsaldeko 19:30ean egingo da, Euskadi-Irakurketa Erraza taldearen bultzatzailea den Blanca Matarekin.