Irakurketa literario bat, hitzaldi bat eta kontzertu bat izango dira aste honetan Donostiako San Telmo Museoan

Actualizado: lunes, 2 mayo 2011 19:18

DONOSTIA, 2 May. (EUROPA PRESS) -

Jarduera kulturalez beterik dator Donostiako San Telmo Museoa maiatzaren lehenengo astean, irakurketa literario bat, gizarte-sareek arabiar munduan duten eraginari buruzko hitzaldi bat eta kontzertu bat izango baitira, museoko arduradunek iragarri dutenez.

Mariasun Landaren literatura-irakurketak hasiko du, jarduerei dagokienean, maiatzaren lehen astea San Telmo Museoan. Maiatzaren 4an, museoko ekitaldi aretoan, "Beldurrarentzako antidoto literarioak" izenburuko irakurketa egingo du Landak, 19:30etan hasita, "Giza harremanak, ulertzeko entzun" zikloaren barne. Sarrera librea izango da, lekuak bete arte.

Halaber, maiatzaren 6rako aurreikusita zegoen Sami Naïr-en hitzaldia atzeratu behar izan da egilearen agendako azken orduko betebeharrak direla-eta, baina "2.0 iraultzak? Gizarte-sareen zeregina mundu arabiarreko aldaketa politikoetan" izenburuko hitzaldia egingo da museoko ekitaldi aretoan, 19:30etatik aurerra.

Sofiene Ben Haj M'Hamed Tunisiako blogari aktibo eta nabarmenenetako batek eta Lorena Fernandez Deustuko Unibertsitateko irakasle eta CRAI (Centro de Recursos para el Aprendizaje y la Investigación) erakundeko arduradunak gizarte-sareek arabiar mundua eraldatzen ari diren hiri-mugimenduetan duten zereginaz jardungo dute. Sarrera librea izango da, lekuak bete arte.

Astea amaitzeko, maiatzaren 7an, Persepolis musika taldeak -Shahryar Zarrin Panjeh, Pedram Khosravi, Maryam Mahdavi Pour musikariek osatua- musika pertsiarra eta Sufi musika mistikoa interpretatuko dute museoko klaustroan, 19:00etan hasita, "Munduko musika" zikloaren barne.