Irekita dago Euskadiko haur, lehen eta bigarren hezkuntzako zentroetan aurrematrikula egiteko epea

Irekita dago aurrematrikula egiteko epea
Europa Press
Actualizado: lunes, 28 enero 2013 11:32

BILBO, 28 Ene. (EUROPA PRESS) -

Astelehen honetan ireki da Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) haur, lehen eta bigarren hezkuntzako ikastetxeetan aurrematrikula egiteko epea, eta otsailaren 8ra arte egongo da zabalik, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak jakinarazi duenez.

Epe horretan, bi urtetik gorako haur hezkuntzako, lehen hezkuntzako eta bigarren hezkuntza ikasleen gurasoek eskaerak aurkeztu ahal izango dituzte eskola eta ikastetxeetan.

Eskaerak aurkezteko epea bukatuta, eskatzaileen zerrenda otsailaren 19an argitaratuko da eta plazen behin-behineko esleipena martxoaren 4an jakinaraziko da. Egun horretatik martxoaren 15era arte erreklamazioak aurkeztu ahal izango dira, martxoaren 21ean behin betiko zerrendak argitaratuko dira eta apirilaren 12an bigarren eta hirugarren aukerak ezagutaraziko dira.

Ikastetxeak izango dira eskaerak bideratzeko arduradunak, baina, izapideak errazteko asmoz, interesatuek internet bidez egin ditzakete gestioak, www.hezkuntza.net webgunean, otsailaren 7ra arte. Kasu honetan, eskaera bete ondoren, gurasoak lehen aukera bezala aukeratu duten ikastetxetik igaro beharko dira, eskatutako dokumentazioa eramateko.

Seme-alabak lehen aldiz matrikulatu nahi dituzten gurasoek 586 zentro izango dituzte bi urteko haurrentzat -%60,2 publikoak- eta 545 hiru urteko umeentzat -%60,7 publikoak-. 2012/2013 ikasturtean 356.421 aurrematrikula egin ziren, aurreko ikasturtean baino %1,95 gehiago.