Iruzurraren aurka egiteko hartutako neurriak aurkeztu ditu EAEn Portugaleko zerga arloko ordezkaritza batek

Actualizado: viernes, 3 marzo 2017 14:42

BILBO, 3 (EUROPA PRESS)

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru ogasunek eta Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Sailak lan bilera izan dute ostiral honetan Portugalek zerga iruzurrari aurre egiteko hartu dituen neurriak ezagutzeko. Horretarako, Portugaleko Zerga Agintaritzako ordezkaritza bat eta zerga ihesaren aurkako estrategia diseinatu eta garatzeko ardura izan zuten Portugaleko Gobernuko goi kargu ohiak izan dira Bilbon, eta datozen asteetan antzeko beste topaketa egingo da Austriako ogasuneko zerga iruzurraren aurkako arduradunekin.

Bileran aztertu diren neurrien artean saltokietako terminalak edota kutxa erregistratzaileak telematikoki kontrolatzeko sistemaren ezarpena izan dira. Sistema hauek ezkutuko diru sarrerak ekiditea dute xede eta, honenbestez, BEZ, Sozietateen gaineko Zerga edota PFEZaren zerga oinarriak murriztea saihestea lortzen da. "Funtsezko erreminta da zerga ihesa hauteman eta erabilera bikoitzeko softwarearen erabilera antzemateko. Hain zuzen, Portugal eta Austria dira kontrol sistema hau ezarri duten Europako herrialdeetako bi", azaldu dute Eusko Jaurlaritzatik.

Aipatu iturrien arabera, Portugalek partekatu duen esperientzia eta Austriak partekatuko duena "oso baliagarri" izango dira euskal erakundeek eratu duten lantaldearentzat, automatikoki informazio transmititzen duten sistemen ezarpena aztertzea helburu duena. Proiektu hau Zerga Iruzurraren aurkako Planaren baitan hartutako konpromisoa da eta azterketa fasean dago oraindik.

Foru Ogasunek eta Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia sailak jardunaldiaren irakurketa baikorra egin dute, zerga alorreko administrazioen arteko esperientzia trukaketak aberasgarriak baitira iruzurgileek erabiltzen dituzten euskarrien eta hauen kontra egiteko neurrien eraginkortasunaren inguruan gehiago jakiteko.