Italian egingo den hondakinei buruzko nazioarteko biltzar batera gonbidatu dute Gipuzkoako Aldundia

Actualizado: miércoles, 20 marzo 2013 12:18

DONOSTIA, 20 Mar. (EUROPA PRESS) -

Rockefeller Fundazioak eta GAIA (Global Alliance for Incinerator Alternatives / Errausketaren Alternatibetarako Munduko Aliantza) erakundeak hondakinei buruzko nazioarteko biltzar batera gonbidatu dute Gipuzkoako Foru Aldundia, Italiako Bellagio zentroan. Biltzarra martxoaren 25etik 28ra bitartean izango da, eta hondakinen kudeaketan aditu diren mundu osoko 20 bat ordezkarik hartuko dute parte. Gaiari buruz gogoeta egitea eta jendartean paradigma aldaketa bat eragiteko urratsak ematea izango da helburua, foru erakundetik jakinarazi dutenez.

Rockefeller Fundazioaren Bellagio zentroa Italiako iparraldeko Como lakuan dago. Beste erakunde batzuek hainbat alorretako adituen eta pertsona aitzindarien nazioarteko bilerak egiteko erabiltzen dute gunea. Ekonomia, pobrezia, gosea edo internet sorkuntzari buruzko biltzarrak egin izan dira, baita ingurumenarekin lotutakoak ere (klima aldaketa edo energia berriztagarriak), eta honako hau lehena da hondakinen kudeaketaren alorrean.

Datorren asteko biltzarraren koordinatzailea GAIA da. Nazioarteko sare bat da, 2000. urtean sortua, eta errausketa baztertzea proposatu eta Zero Zabor helmuga bultzatzen du; guztira, 500 bat mugimenduk osatzen dute, eta ingurumenaren eta osasun publikoaren aldeko erakundeak, herritar elkarteak eta ikerketa guneak daude tartean.

Horrela, datorren asteko biltzarrean hondakinen kudeaketaren alorreko mundu osoko 20 bat adituk hartuko dute parte. Bertaratuko direla baieztatu dutenen artean daude Enzo Favoino, Europako Konpostatze Sareko lehendakariordea; Roy Vercoulen, Cradle to Cradle Produktuen Berrikuntzarako Institutuko lehendakariordea; Elisabeth Grimberg, Brasilgo Polis Institutuko hondakin solidoen arduraduna; edota Manuel Valencia Guzman, Txileko La Pintana udalerriko ingurumen kudeaketa zuzendaria.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean, Iñaki Errazkin Ingurumen eta Lurralde Antolaketako diputatuak hartuko du parte, eta hiru gai nagusi azalduko ditu: lehenik, errauskailua eta zabortegi kutsakorrak alde batera uzten dituen Gipuzkoako Aldundiaren estrategia; bigarrenik, hainbat herrik atez ateko bilketa sistemaren bidez lortu dituzten birziklapen maila altuak; eta azkenik, "zero zabor herri" bihurtzeko zenbait udalerri egiten ari diren bidea.