Itsasadarreko kaiak konpontzea adostu dute Bilboko Udalak eta Espainiako Gobernuak

Actualizado: martes, 29 marzo 2011 12:54

BILBO, 29 Mar. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udalak eta Espainiako Gobernuko Ingurumen, Landa eta Itsas Inguruneko Ministerioak hitzarmena sinatu dute gaur Bilboko Itsasadarreko kaiak berritzeko administrazio bakoitzak jarraitu beharreko metodologia eta jarduerak ezartze aldera.

Iñaki Azkuna Bilboko alkateak eta Rosa Aguilar Ingurumen, Landa eta Itsas Inguruneko ministroak sinatutako akordioaren arabera, Udalak eta Ministerioak lankidetza-mekanismoa ezarriko dute Itsasadarreko kaiak konpontzeko lanak erraztearren. Obra horietarako, Estatuko 2011ko Aurrekontu Orokorretan 11 milioi euro esleituta daude.

Bi administrazioetako ordezkariek osatutako batzorde mistoa arduratuko da obren esleipena, gauzatzea, ematea eta ondorengo kontrola egiteaz. Lanak Bilboko Udalak zuzenean kudeatuko ditu Ingurumen Ministerioaren berariazko baimenarekin, estatuko titulartasuna duen jabetza publikoa izateagatik.

Itsasadarrarekin lotutako itsas eskumenaren okupazioari esker, Bilboko Udalak konpondu ahal izango ditu Abusu eta Elorrieta artean dauden kaiak eta hormak. Gainera, obrak amaitu eta beste bost urtez, Udala arduratuko da egindako lanak kontserbatzeaz eta horien mantentze-lanak egiteaz.

2006. urteko abenduan, bi administrazioek eta Portuko Agintaritzak hitzarmen bat sinatu zuten eta, Bilboko alkateak eta Ingurumen eta Landa Inguruneko ministroak gaur sinatutako administrazio-protokoloaren arabera, aipatu obrak hitzarmen horri jarraiki egindako diagnostikoan ezarritako jarduera-lehentasunak kontuan hartuta egingo dira.