Itsasmendikoik nekazaritzarekin eta landa-eremuarekin loturiko 156 ikastaro antolatu ditu urteko lehen seihilekorako

BILBO, 30 Ene. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren menpeko Itsasmendikoi (IMK) enpresa publikoak heziketa trinkoko eta etengabeko 156 ikastaro antolatu ditu 2011ko lehenengo seihilekorako. Ikastaroak nekazaritzarekin eta landa-eremuarekin erlazionatuta daude eta Fraisoro (Gipuzkoa), Artzain Eskola (Gipuzkoa), Derio (Bizkaia) eta Arkaute (Araba) IMK zentroetan eskainiko dira.

Sozietateko arduradunek adierazi dutenez, urtero prestakuntza mota honetako ikastaroak burutzera gerturatzen diren milaka ikasleri egiten dio harrera Itsasmendikoik. Iaz, esaterako, 5.618 pertsonek ikasi zuten IMK zentroetan; horietatik 3.755 gizonezkoak ziren eta 1.863 emakumeak.

Etengabeko prestakuntzaren arloan, Itsasmendikoik heziketa-programa zabala eskainiko du nekazaritzarekin eta landa-eremuarekin loturiko lau zentroen bitartez. Iraupen aldagarria izango dute ikastaroek eta hainbat azpisektorerekin lotuta daude: nekazaritza, basogintza, lorezaintza, hortofrutikultura, abeltzaintza, mahasgintza eta enologia, landa-turismoa eta nekazaritza-elikagaien sektorea. IMK-k iaz barneratu zuen azken eremu hori bere etengabeko prestakuntza eskaintzan eta gai horretako 31 ikastaro antolatu ditu datozen bi seihilekoetarako.

Prestakuntza trinkoari dagokionez, Itsasmendikoik bost ikastaro antolatu ditu, 100 ordutik gorako iraupena dutenak eta sektorerako interes handia dutenak. Horien xede nagusia da gazte jendea lehen sektorean barneratzea eta, horretarako, landa inguruneko jarduerekin loturiko gaietan prestatu eta profesionalizatzeko aukera eskaintzen zaie.

Aurten eskaintzaren barne dauden ikastaroak dira "Lore artea: ofizial lore-saltzailea", "Hortikultura eta frutikultura", "Hortikultura eta lorezaintza II", "Laguntza zakurrak trebatzea" eta "Landa-turismoa".

Era berean, gai orokorragoak jorratuko dituzten ikastaroak ere eskainiko ditu Itsasmendikoik, prestakuntza etengabekoak ere bai. Besteak beste, ondorengo gaiak landuko dituzte: bioeraikuntza eta arkitektura bioklimatikoa; nekazaritza eta abeltzaintza produktuak eraldatzea eta zuzenean saltzea; natura ingurunean ibilbide gidatuak diseinatzea eta antolatzea; nekazaritzako hondakinak kudeatzea; informazio geografikoko sistemen (zelularrak eta bektorialak) oinarriak eta software librearen (gvSIG) erabilera; bai eta erradiestesia ere.

Eskaintza osoa kontsulta daiteke www.itsasmendikoi.net webgunean dagoen katalogoan. Matrikulazioa telefono, fax edo helbide elektroniko bitartez zein IMKren webgunearen bidez egin daiteke.

BIZKAIKO ZENTROA

Aurten, IMK Derion 69 ikastaro izango dira, iaz baino 20 gehiago. Horien artean, azpimarragarria da "Zaldi turismoko gidaria" ikastaroa. Ikasleek teoria moduan landuko dituzte hipologia, zaldien zaintza, ekitazioa, segurtasuna eta lehen sorospena; halaber, prestakuntza praktikoa ere izango dute.

Bestalde, aipagarria da "Lore artea: ofizial lore saltzailea" ikastaro trinkoa, lore arteari, teoria artistikoari, botanikari eta enpresen gestioari buruzkoa. Heziketa hori kalitate bikaina izateagatik ezaguna den Kataluniako eskolak ematen du.

Nekazaritzako hondakinak gestionatzen ikasteko prestakuntza ere izango da Bizkaiko zentroan. Lehen sektoreko enpresetako zaborraren kudeaketari buruzko oinarrizko gaiak landuko dira ikastaroan: hondakinen sailkapena, erabilera, tratamenduak, birziklatzea, konposta egitea eta lege esparrua.

Heziketa-programa hauek azpisektore ezberdinetako profesionalei eta beren ezagutzak zabaldu nahi dituzten landa inguruneko biztanleei daude auzenduta. Prestakuntzak teknologia berriak eta punta-puntako metodologiak barneratzen ditu eta ikastaroak diruz lagunduko dituzte Landa Garapeneko Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF/FEADER), Europako Gizarte Funtsak (EGIF) eta Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioak (Hobetuz).