Itsaso Andueza izango da Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza Planaren Aholku Batzordeko presidentea

Actualizado: martes, 21 octubre 2014 17:49

GASTEIZ, 21 Oct. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzak Itsaso Andueza Fernández (Pasaia Trintxerpe, 1985) izendatu du bere Bake eta Bizikidetza Planaren Aholku Batzordeko presidente. Irakasle ikasketetan lizentziatua da Andueza, Lehen Hezkuntzan, Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) eta Sevillako Unibertsitatean (US), eta Gaitasunen Irakaskuntzako Masterra amaitzear dago Ramon Llull Unibertsitatean.

2013ko martxotik, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren lehendakaria da. Kontseiluak, beste batzuen artean, eginkizun hauek ditu: administrazioarekiko elkarrizketa eta bitartekaritza bideratzea, sentsibilizatzea lortzea helburu duten ekintzak aurrera eramatea, azterlan eta txostenak idaztea, gogoeta eta eztabaidarako guneak sortzea, eragile sozialen eta gazteen ekimenen arteko koordinazio eta elkarlanari laguntzea, eta jarrera jakin bat hartzeko edo salaketa egiteko prestakuntza nahiz aholkularitza eskaini eta ekintzak aurrera eramatea.

Aurten bertan, urtarrilean, Euskaditik Ipar Irlandara joan zen ordezkaritzako kide izan zen, eta SEUPB erakundeko kideekin bilerak izan zituzten (PEACE Programme delakoa kudeatzeko ardura du erakunde horrek), bakearen eta elkarbizitzaren alde Europan aurrera eramango diren proiektuetan elkarrekin nola jardun zehazteko.

Bestalde, ekainean, Gazteriaren Kontseiluko lehendakaria izanik, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan aritzeko hitzarmen bat izenpetu zuen, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariarekin batera, Bake eta Elkarbizitzarako Plana garatzean elkarrekin aritzeko; planaren helburua gazteek bakea sendotzeko lanean parte hartzea da.

BAKE ETA BIZIKIDETZA PLANAREN AHOLKU BATZORDEA

Eusko Jaurlaritzak Bake eta Bizikidetza Planaren Aholku Batzordea arautzeko dekretua onartu zuen uztailaren 29an. Dekretu horren bidez, bada, aipatu planaren printzipio arautzaileetako bat edukiz hornituko da, hain zuzen ere, gizarte partaidetza. Organo berriak parte hartze bide bat ezarriko du arlo honetan diharduten gizarte erakundeentzat, eta hainbat erakunderen arteko koordinazio bide izango da.

Horretarako, Aholku Batzordeak Bake eta Bizikidetza Planean aurreikusitako ildo estrategikoen eta ekimenen garapen arruntari buruzko iritzia eman ahal izango du, bai eta planaren edozer aldaketari buruz ere, eta, gainera, proposatzen diren ekintza-proposamen osagarriak bideratu eta beren egokitasuna baloratu.

Presidenteaz gain, Bake eta Bizikidetzako Idazkaritzako pertsona bat; Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren ordezkari bat; Eusko Jaurlaritzako Gazteria Arloaren arduradun bat; Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Berrikuntza Arloaren arduradun bat; Emakunderen zuzendaria; foru aldundien hiru ordezkari; EAEko udalerrien hiru ordezkari; Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontesiluaren presidentea; bakea, bizikidetza eta giza eskubideak sustatzea xede duten elkarte eta erakundeen lau ordezkari; Euskadiko Eskola Kontseiluaren bi ordezkari; EHUren ordezkari bat; Arartekoaren ordezkari bat eta EITBren ordezkari bat dira Aholku Batzordeko kide.

Batzordea Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzaren Bake eta Bizikidetzako Idazkaritzari atxikita egongo da, egitura organikoan txertatuta egon gabe.