Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa martxoaren 28an izango da Bermeon

Bermeoko Arrain Azokaren ekimen batzuk aurkeztu dituzte
Foto: BERMEOKO UDALA
Actualizado: miércoles, 18 marzo 2015 14:35

BILBO, 18 (EUROPA PRESS)

   Bermeoko (Bizkai) Arrain Azokaren baitan egiten den Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa martxoaren 28an izang da aurten, eta eszenatoki berria izango du, Arrantzaleen Museoan egingo baita. Goiz eta arratsaldez, kalitatezko sei proiekzio ikusteko aukera izango dute nahi duten guztiek. Emanaldietarako sarrera dohainik izango da.

   Irune Ormaetxea Turismo eta Merkataritza zinegotziak, Aingeru Astui Kultura zinegotziak eta Bego Gangoiti Turismoko arduradunak aurkeztu dute asteazken honetan prentsaurrekoan Bermeoko Arrain Azokaren barne egingo diren hainbat ekimen, Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa eta Hegaluze Saria, hain zuzen ere.

   Arrain Azoka aurten maiatzaren 15, 16 eta 17an izan arren, denboran zehar zabaltzea eta asteburu batera ez mugatzea dela helburua adierazi dute. Horrela, Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa ez da asteburu berdinean izango aurten, eta martxoaren 28an aurreratu da.

   Zinea gogoko dutenek zikloarekin gozatzeko aukera izango dute Arrantzaleen Museoan goizeko 11:30etik aurrera. Goizez, Juan José Buenoren "Kubako altxor urperatuak" eta Jorge Candamen "Baso Sorgindu baten itsasoa" proiektatuko dira. Arratsaldean ere proiekzioak izango dira, 18:30etik aurrera: Rene Heuzey eta Benoit Reevesen "Erraldoien gaua", José Carlos Randoren "Malkoak itsasoan", Jose A. Valverderen "Algodre" eta Indonesiako "Bali" filma.

   Arrain Azoka Elkarteak eta Actividades Subacuáticas Real Sociedad de Fútbol elkarteak antolatzen duten zinema zikloak itsaspeko zinemaren kalitatezko filmak eskaintzen ditu, zinema mota hau herritarren eskura jarriz.

XIX. HEGALUZE SARIA

   Bestalde, Irune Ormaetxeak adierazi du aurten ere "bermeotarrontzat hain garrantzitsua den" Hegaluze Saria emango dela. "Sari honekin, ekintza puntual edo jarraipen profesional bat aitortu nahi da, Bermeoren izena zabaldu eta goratu duenari edo herriaren alde lan egin duenari", nabarmendu du.

   Horrela, Arrain Azokaren barne emango den XIX. Hegaluze Sarirako proposamenak aurkezteko epea zabalik dago jadanik, maiatzaren 11ra arte. Proposamenak egin nahi dutenek orri baten aukeratuaren datuak eta zergatik aukeratu duten azaldu behar dituzte. Horiek aurkezteko hainbat bide egongo dira: hegaluze@itsuki-irratia.net helbide elektronikora edo Itsuki Irratira ('Hegaluze saria', 120 p.k.- 48370 Bermeo) bidali edo Bermeoko Udal Turismo Bulegoan aurkeztu.

   Urtero bezala, Hegaluze Saria Itsuki Irratiak antolatzen du Arrain Azoka Elkartearen babesarekin. Pertsona, erakunde, elkarte, entitate, enpresa edo proiektu bati ematen saio eta arlo guztietako ekintzak saritzen dira (kirola, enpresa, kultura, gizartea, ekonomia). Irabazlea epaimahai batek aukeratuko du eta saria maiatzaren 16an emango da, Nestor Basterretxea aretoan.

   2014ko edizioan Juan Antonio Apraiz 'Coyote'-k jaso zuen Hegaluze Saria, 2013koan Bermeoko Herri Babesak eta 2012koan Bermeoko eta Izaro abesbatzek. Bermeoko Santa Veracruz Kofradia (2011), Jabi Elortegi (2010), Bingen Fernandez (2009) eta Ilaski Serrano (2008) ere izan dira sarituak.

KARTEL LEHIAKETA

   Halaber Ormaetxeak eta Gangoitik gogoratu duten aurten Arrain Azoka Elkarteak "XXI. Arrain Azoka 2015" iragartzeko kartel lehiaketaren deialdia zabaldu duela eta aurkeztutako lanetatik aukeratuko dela Arrain Azokako egitarauren liburuxkaren azala eta kartel iragarlea. Lanak aurkezteko epea apirilaren 12ra arte da.

   Merkataritza eta Turismo zinegotziak adierazi duenez, ekimen hauekin guztiekin Arrain Azoka "parte hartzaileago bat" lortu nahi dute, "herritarrak Arrain Azokan parte hartzeko hainbat aukera izatea eta Arrain azokaren parte sentitzea", ekimen ezberdinetan parte hartuz.

   "Arrain Azoka gure produktu eta kulturaren erakusleiho aparta da eta horrela izaten jarraitzeko lanean jarraituko dugu, gainerako erakundeekin elkarlanean", azpimarratu du.