Itzulpenek euskarazko literatura indartzen, aberasten eta normaltzen lagundu dute

Elizabete Manterola da lanaren egilea
Foto: EHIU
Actualizado: martes, 24 marzo 2015 16:38

"Euskal Literatura itzulia. Bernardo Atxagaren lanak erdaretan" lana egin du Elizabete Manterola Agirrezabalak

   BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

   Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) Elizabete Manterola Agirrezabalaga ikertzailearen "Euskal Literatura itzulia. Bernardo Atxagaren lanak erdaretan" liburua argitaratu du. Bertan, itzulitako euskarazko obren osoko argazkia eskaintzen du eta, beste ondorio batzuren artean, itzulpenek euskarazko literatura indartzen, aberasten eta normaltzen lagundu dutela dio.

   EHUko ikertzailea da Elizabete Manterola Agirrezabalaga. Bere esanetan, "euskal literatura oso gaztea izan arren, azken 40 urteetan literatur lan horiek erdaratara itzultzea gero eta ohikoago da".

   Manterolak Euskal Literatura Itzulia (ELI) katalogoan bildutako lanei buruzko datuak ikertu ditu. Izendegi horretan agertzen den gisa, 2012aren erdialdera arte, 161 idazleren obrak 38 hizkuntzatara itzuliak izan dira. Datu horiek aztertu ondoren, Manterolak Bernardo Atxagaren lanetan jarri du ikerketaren arreta, argitalpen itzuli gehien dituen (100 baino gehiago) eta hizkuntza gehienetara itzulio den (35 hizkuntza) egilea delako.

   Euskal Literatura Saila bildumako liburu honetan, EHUko ikertzaileak ondorioztatu du euskaratiko itzulpenek euskarazko literaturaren produkzioa indartzen, aberasten eta normaltzen lagundu dutela, baina produkzio hori kanporatzea jarduera berria dela nabarmendu du; izan ere, 2000tik aurrera erdaratze prozesua haziz joan da, eta beharrezkotzat jotzen da itzultzea euskal literatura ezagutzera emateko.

   Bilakaera hori haur eta gazte literaturan oso nabaria izan da. Lan horiek izan dira Espainiako Estatutako hizkuntzetara gehien itzuli direnak, batik bat, gaztelerara. Hala ere, beste hainbat hizkuntza batzuetara iristea (frantsesa, alemana edota ingelesa) idazle gutxiagok lortu dute.

   "Kontuan hartu behar da euskara hizkuntza gutxitua dela eta hizkuntza nagusiez (espainola eta frantsesa) inguraturik bizi dela. Beraz, sistema diglosiko horrek itzulpen prozeduran eragin nabarmena du. Zentzu horretan, eginiko azterketak itzulpen bide ezberdinak azaleratu ditu: autoitzulpena, autore eta itzultzailearen arteko lankidetza estua, eta zuzeneko zein zeharkako itzulpenak".

   Autoitzulpena gaztelaniara zein frantsesera itzultzean agertzen den fenomenoa da, eta zeharkako itzulpena, berriz, beste hainbat hizkuntzarako bidean. Horrek esan nahi du gaztelaniara egindako itzulpena iturri bihurtzen dela beste hizkuntza batetara itzultzeko.

ATXAGAREN ERDARATZEAK

   Itzulpen estrategietan sakontzeko, Manterolak Bernardo Atxagaren produkzioa hartu du aztergai, "euskal literatur itzuliaren konplexutasuna bere osotasunean islatzen duen egilea baita". 2010era arte, Atxagak 35 hizkuntzatara itzuliak ditu 100 liburu baino gehiago.

   "Horrela, bere obren itzulpenek abagune egokia eskaini dute euskal literaturaren konplexutasuna aztertzeko eta urtez urte eraldatzen doan itzulpen errealitatea hobeto ezagutzeko", ikertzaileak azpimarratu duenez.

   Atxagaren lana aztertu ondoren, ikertzaileak zenbait ondorio atera ditu. Horrela, gaztelaniazko testua agertzea lehenengo baldintza da ondorengo itzulpenak argitaratzeko, eta bitarteko bertsio hori testu iturri gisa erabili ohi da beste hizkuntza batzuetara eramateko.

   Halaber, ale itzulian bertan agertzen den informazioa ez da beti osatua, hau da, zenbaitetan euskarazko izenburuaren ordez gaztelaniazkoa agertzen da, itzulpenerako erabili den hizkuntza zein izan den ez da zehazten eta gaztelaniarako itzulpen kasutan itzultzaile izenik ere ez da argitaratzen. Fenomeno horiek estatu esparruko itzulpenetan dira ohikoen.

   Gainera, autorea beti egon da gaztelaniazko itzulpenaren atzean, eta beste hizkuntzetarako itzulpenei dagokienez, itzultzaileek gertutik jarraitu diote erabili duten iturri testuari.

   Ikerlanak beste itzulpen mota bat ageri du: jatorrizko konpilatua. Euskarazkotik zein gaztelaniakotik itzultzeko gai direnek bi testu dituzte eskura: jatorrizko euskarazkoa eta autorearen eskuetatik igaro den gaztelaniazko bertsioa, hori katalanaren kasuan gertatu den moduan.

   Ikertzaileak atera duen azken ondorioa da Bernardo Atxagak azken 20 urtean bi irakurlego eta bi hizkuntza dituela gogoan bere liburuak idazterakoan. Hasierako lanetan, euskal irakurlegoa zuen xede ("Obabakoak" lanak Espainiako Sari Nazionala jaso arte, batik bat), eta "Gizona bere bakardadea-El hombre solo" lanetik aurrera euskal zein gaztelaniazko irakurlegoak ditu helburu nagusi. Bi sorkuntza mota dira eta itzultzaileak gogoan izango du sorkuntza prozesua zein den.

   Manterolaren ustez, XX. mendera arte euskal literatur sorkuntza oso murritza izan da eta, hortaz, literaturak berak indarra hartu ahala itzulpena ere joan da sendotasuna hartzen". "Noski, lehenik eta behin, euskararako itzulpenak izan dira, baina behin jada euskal literatur sistema egituratzen hasita, XX. mendearen hondarrean hasi zen erdaretarako bidea zabaltzen. Eta XXI. mendean sartuta topa daiteke kanporako itzulpen gehien", gaineratu du.

EUSKAL LITERATURA SAILA

   Jon Kortazar Euskal Literaturako katedradunak zuzendutako Euskal Literatura Saila bildumaren 14. alea da Materolaren liburua. Bildumak aztertzen du XX. mendearen azken hamarkadetatik orain arte euskal literaturak izan duen ibilbidea. Literatur genero bakoitzari liburu monografiko bat eskaini dio, hala nola eleberriari, poesiari, ipuingintzari, antzerkiari eta saiakerari. Azken liburuak itzulpengintza jorratzen du.

   Bestalde, liburu hau Tralima-Itzulik EHUren baitako Ikerketa Talde Finkatuaren barruan dgoa. Talde horrek itzulpena eta kultura aldaketak ikertzen ditu ikuspegi historikotik literaturan eta ikus-entzunezko hedabideetan. Horretarako teknologia berrien berezko tresnak erabiltzen ditu.

   Halaber, Espainiako Gobernuaren Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak babesten duen "Traducción y censura en España (1939-1985): corpus textuales y contexto cultural" izeneko ikerketa proiektuaren barnean ere dago liburua.

   Elizabete Manterola Agirrezabalaga (Orio, Gipuzkoa, 1982) EHUko Itzulpengintzan doktorea eta Letren Fakultateko irakaslea da. Euskal Literatura Itzulia katalogoa sortu zuen. Bere ikerketa lerro nagusietakoak hauek dira: literatur gutxituen itzulpena, harremanetako hizkuntzen arteko itzulpena, euskal literatura, autoitzulpena, zeharkako itzulpena eta corpus hizkuntzalaritzetan oinarritutako itzulpen ikasketak.