Ivan Smagghe, Nacho Canut eta OjosPintados ariko dira ostiralean "Art After Dark" saioan

Ivan Smagghe Art After Dark saioan izango da
Foto: GUGGENHEIM BILBAO MUSEOA
Actualizado: jueves, 9 febrero 2012 13:49

BILBO, 9 (EUROPA PRESS)

   Ivan Smagghe Parisko giroko "DJen arteko DJa" izango da ostiral honetan, otsailaren 10ean, "Art After Dark" saioan, Guggenheim Bilbao Museoan. Nacho Canut eta OjosPintados ere ariko dira, musika elektronikoa, diskoa eta popa jartzen, museoko iturriek jakinarazi dutenez.

   Ivan Smagghek musika elektronikoaren underground giroko "proposamen ausart eta berritzaileenak" ekarriko ditu Bilbora. Kazetariek "DJen DJa" esan diote; izan ere, ibilbidea badu: Parisko Rough Trade diskoetxe independentearen dendan hasi zen musikarekin harremanetan, gerora Black Strobe bikotea osatu zuen Arnaud Rebotini-rekin batera eta horrek modako bikote bihurtu zituen Frantzian, disko musika eta musika elektronikoa oso modu emankorrean uztartu baitzuten.

   Guggenheim Bilbao Museoko "Art After Dark" saioan bakarkako bere azken lanak aurkeztuko ditu, "musika elektronikoan inoiz izandako estilo apurtzaile eta originalenaz bete-beteak".

   Nacho Canut ere saioan izango da, Smagghe-ren aurretik, 23:00etatik aurrera. DJ gisa dator, Jet 7 ezizenarekin. Abesti guztiz arrakastatsuen egilea da, hala nola "Mi novio es un zombie" eta "Ni tú ni nadie" eta Espainiako poparen historian talde enblematikoen kide izan da, esaterako, Kaka de Luxe, Alaska y Los Pegamoides eta Alaska y Dinarama. Gaur egun, Fangoria taldean bideratzen du haren sormena Alaskarekin batera.

   Gauari hasiera emango dio OjosPintados DJak, 22:00etan. Bilboko Pink Fever aretoan DJ egoiliarra da eta Guggenheim Bilbao Museoan saio dibertigarria eskainiko du: ezohiko pop dantzagarria nahastuko du askotariko doinuekin.

   DJen saioez gozatzeaz gain, honako erakusketa hauek ikusteko aukera izango dute 22:00etatik 1:00etara museora bertaratzen direnek: "Ispilua alderantziz: la Caixa Fundazioaren eta MACBAren bildumen artea", "Brancusi-Serra" eta "Guggenheim Bilbao Bildumaren aukeraketak II".

   Ohi bezala, Bilboko Fever klubarekin lankidetzan antolatu du museoak "Art After Dark" saioa, eta hurbiltzen direnei sarreraren truke Fever kluberako txartel bat emango diete doan, gau horretan bertan 00:00tik aurrera erabil dezaten. Sarrerak (18 urtetik gorakoentzat) 12 euro balio du publiko orokorrarentzat eta 8 euro Museoaren Lagunentzat. Ikusleen kopurua mugatua da.