Izozkien zotzekin egindako zubien maketen lehiaketa egingo du bihar Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskolak

Actualizado: miércoles, 6 abril 2011 16:20

BILBO, 6 Abr. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoko ikasleek eskolaz kanpoko egutegiko jardueren arteko hitzordurik garrantzitsuenetako bat ospatuko dute bihar: izozkien zotzekin egindako zubien maketen lehiaketa. Aurten, gainera, bere hamargarren edizioa izango da.

Oraingoan, zazpi parte-hartzaileek euren sormenak erresistentzia frogan jarriko dituzte Von Siemenes plazan (Eskola barruan, sarrera Luis Briñasetik), goizeko 11:00etan. Lehiaketa plazan jarriko diren pantaila erraldoietan eta Twitter bidez jarraitu ahal izango da, antolatzaileek adierazi dutenez.

Lehiaketa bitxi hau Ingeniaritzako Goi Eskolako ikasleen ekimenetik sortu zen galdera arrunt bat erantzun asmoz: zenbat pisu jasan dezake soilik itsasgarri zuriarekin itsatsitako eta bala-hariz jositako izozki zotzekin egindako zubi maketa batek?.

Erantzuna aurkitu nahian, proba honetan ezinbestekoa bihurtu den elementu bat bilatu zuten, Bilboko baldosa, ekimenari identitatea ematen diona. Bakoitzak hamar kilo inguru ditu eta hauek maketa gainean jartzen joango dira eraikuntzak gehiago jasan ezin duen arte. Duelua denez, pisuaren eraginez erortzen diren zubien aurrean zutik irauten duenak irabazten du lehia. Gaur egun, Bilboko baldosak ez ezik, altzairuzko xaflak ere jartzen dira.

Maketa hauen ikusgarritasun eta sendotasunari esker (aurreko edizioetako maketa irabazleek 600 kilotik gorako pisua jasan dute), erakusketa bat izaten hasi zen 2001ean eta ondorengo urteetan zehar lehiaketa bihurtu da, Bilbon zein Bilbotik kanpora, eta ikasle komunitatean ere, urtetik urtera erronka berria bihurtuz. Interes honen adierazgarri da, Youtube-n jarritako bideoek 60.000 bisitaritik gora izan dituztela.

Berritasun bezala, aurten ikusleek maketak nola hausten diren ikusteaz gain, bere eraikuntza ere jarraitu ahal izango dutela. Baldosak maketen gainean jartzen hasi aurretik eta epaimahaia lehian aurkeztutako lan bakoitzaren itxura aztertzen dagoen bitartean, Von Siemens plazan jarritako pantailetan maketa bakoitza nola eraikia izan den ikusi ahal izango dute bertaratzen direnek. Emanaldiak pasa ondoren, publikoak, 'making of' hoberenari bere bozka eman ahal izango dio.

TXAPELDUNEN DUELUA

Lehiaketaren hamargarren edizioan, Pablo Cearra eta Basilio eta Inma Ovejero neba-arreben arteko norgehiagoka da ikusmina sortzen duena. 2002an egin zen lehen lehiaketatik, Cearra zazpi aldiz izan da garailea, bat 2007an, ex aequo Ovejero neba-arrebekin batera. Honetan, epaimahaiak berdintasun teknikoa erabaki zuen bi maketen artean, bi zubien gainean ezinezkoa ikusten baitzen baldosa gehiago jartzerik zegoela. Garaipen honez gain Basilio eta Inma Ovejerok, 2006ko txapelketa ere irabazi zuten.

Cearrak eta Basiliok jada eskolan ikasten ez duten arren, hitzordu honetan hutsik egin gabe parte hartzen dute urtero, norgehiagoka partikular bihurtzen delarik. Haiekin batera, beste bost talde ere izango dira ustekaberen bat eman nahian.

Bi kategoriatan bereizten da aurten lehiaketa: funtzionaltasuna (erresistentzia eta eraikuntzaren diseinua) eta maketaren itxura. Zazpi taldeak aurkezten dira maketaren itxura atalera, baina bost talde bakarrik ausartu dira baldosen desafiora.

Lehenengo kategorian lau sari daude: irabazleek 900 euro jasoko dituzte; finalistak, 600; hirugarrenak 300 euro, eta laugarrenek BBK Live jaialdirako sarrerak eskuratu ahal izango dituzte. Itxuraren kategoriari dagokionez, hiru sari banatuko dira: 600 eta 300 euro, eta BBK Live-erako sarrerak. Gainera, lehiaketan parte hartzen duten guztiek San Mamesen Athleticen partidaren baterako sarrerak jasoko dituzte, BBKren eskutik.

Bilboko Ingeniaritza Goi Eskolarekin batera, hainbat dira lehiaketa hau babesten eta laguntzen duten erakundeak, hala nola BBK, Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU), CDEII Ingeniaritza Industrialeko Estatuko Ikasleak, Hezkuntza Ministerioa, Bilboko Industri Ingeniaritzako Eskola Ofiziala, Elur, Emerge, Nestlé eta Seur.