Jagonet Euskaltzaindiaren kontsulta- eta aholku-zerbitzuak hamar urte bete ditu eta 835.500 bisitarik kontsultatu dute

Actualizado: jueves, 17 marzo 2011 17:29

BILBO, 17 Mar. (EUROPA PRESS) -

Jagonet (www.euskaltzaindia.net/jagonet) Euskaltzaindiaren kontsulta- eta aholku-zerbitzuak hamar urte bete ditu eta, 2001eko martxoan abian jarri zenetik, 835.517 bisitarik kontsultatu dute bere galde-erantzunen datu-basea. Bestalde, hamar urteotan, posta elektronikoz galderak bidali dituzten 10.513 lagunek hartu dute bana-banako erantzuna.

Akademiako iturriek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez, Jagonet interneten bidez euskararen erabilera zuzena eta egokia eragiteko zerbitzua da eta bi helburu nagusi ditu: batetik, herritarrak zerbitzatzea, eta bestetik, euskararen kalitatea bermatzea. Joxe Ramon Zubimendi euskaltzain urgazlea da horren arduraduna.

Oro har, herritarrek hizkuntza mailan izan dezaketen edozein zalantza argitzeko kontsulta-zerbitzu informatikoa da Jagonet. Hala ere, euskara lanean eguneroko tresna duten sektore profesionalei zuzendua dago nagusiki (irakasleak, kazetariak, itzultzaileak...) beren lanak garrantzia handia baitu hizkuntzaren modernizazioan eta estandarizazioan.

Jakina denez, www.euskaltzaindia.net webgunean hizkuntzaren arlo desberdinetako Euskaltzandiaren arauak eta erabakiak aurki daitezke: Arauak, Hiztegi Batua, Izendegiak (pertsona- nahiz leku-izenak), Orotariko Euskal Hiztegia, Euskera aldizkaria, eta abar.

Webgunean bertan, Jagonet galde-erantzunen datu-basea kontsulta daiteke. Izan ere, zerbitzua hizkuntza mailako kontsulta interaktiboak egiteko prestatua dago eta erabiltzaileak eskuragarri ditu Euskaltzaindiaren batzordeek aztergai izan dituzten galderarik ohikoenen erantzunak.

Hala bada, galde-erantzunen datu-basea, emandako erantzunak bilduz osatzen doa, eta une honetan datu-basea 542 galdera-erantzunez osatua da. Bestalde, euskaltzaleak bilatzen duena hor ere aurkitzen ez badu, orduan Euskaltzaindiari bidal diezaioke bere zalantza, interneten bidez, Jagoneteko galdelekura. Galdeleku informatiko hau posta elektroniko bidezko zerbitzu zuzena eta banakakoa da, eta pribatua galdegilearekiko.

Kontsulta ahalik eta azkarren argitzen saiatzen dira horretarako propio izendatutako adituak, beti ere Akademiak ezaugarri duen zuzentasunari men eginez.