Jaioberrientzako baheketa programa zabaldu du Jaurlaritzak, orpoaren proban sortzetiko bost gaixotasun berri sartuz

Actualizado: lunes, 10 febrero 2014 13:34
cia" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 10 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Jaioberrientzako Jaiotzetiko Gaixotasunen Baheketa Programa zabaltzea eta 2014an beste bost gaixotasun barne hartzea erabaki du, Euskadiko Jaioberrientzako Baheketaren Aholku Batzordeak emandako gomendio teknikoei jarraituz. Prebentziozko neurri hori ospitale guztietan jarriko da martxan, Euskadin jaiotzen diren haur guztiei zuzenduta -urtean, ia 21.000 haur-.

   Horrela iragarri du gaur Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Jon Darponek Gasteizen emandako prentsaurrekoan. Sailburuarekin batera, Osasun Publiko eta Mendekotasunen zuzendari Miren Dorronsoro izan da agerraldian.

   Darponek iragarri duenez, otsailaren 17tik aurrera, orpoaren proba delakoaren bidez antzeman beharreko gaixotasunen zerrendan ondokoak ere sartuko dira: homozistinuria; astigar jarabearen gaixotasuna (MSUD); 1. motako azidotasun glutamikoa (GA21); azidemia isobalerikoa (IVA); eta kate luzeko gantz azidoen Acil CoA deshidrogenatuaren eskasia (LCHADD).

   Jaioberrien guraso guztiei neurri berri hau jakinarazteko asmoz, Eusko Jaurlaritzako Osasuno sailburuak azaldu du otsailaren 17tik aurrera liburuxka bat emango zaiela, proba hori haur guztiei egitearen arrazoia eta garrantziari buruzko zuzeneko informazioa eman eta baiezkoa eman dezaten.

BAHEKETA PROGRAMA

   Euskadiko Jaioberrientzako Baheketa Programa sortzen aitzindaria izan zen, duela hiru hamarkada baino gehiago. Bere helburu nagusia sortzetiko gaixotasunekin lotutako ezintasunak saihestea da, eta horretarako, sendagileek goiz identifikatu eta esku hartzen dute, hala kalte neurologikoak nola gaitz horiekin lotutako heriotzak eta ezgaitasunak saihesteko.

   Beraz, osasun publikoko prebentzio eta laguntza programa "erabat funtsezkoa" da, eta, Darponen arabera, "prebentzio arloko inbertsio eraginkorrenetako bat da, herritarren osasunari dagokionez onura ukaezina dakarrelako".

   Hain zuzen ere, EAE izan zen programa hau modu integralean eta prebentziozko zerbitzu gisa eskaini zuen estatuko lehen autonomia erkidegoa. EAEko Osasun Administrazio Publikoa arduratzen da programaz eta estaldura erabatekoa eta unibertsala ematen du, bai ospitale publikoetan bai pribatuetan jaiotzen diren haurrentzat.

   1982an martxan jarri zenetik, 597.184 jaioberriri aplikatu zaie programa, eta kalkuluen arabera, bahetutako gaixotasunen %100 estali ditu. Horrela, 226 kasutan, haurrek gaixotasuna zutela antzematea lortu da, eta beste 285 kasutan, berriz, eramaileak ziren eta senideei aholku genetikoak eman behar izan zaizkie.

   Baheketan gaixotasun gehiago barneratzeko, nazioarteko erakundeek ezarritako irizpideak hartzen dira aintzat. Irizpide horietan, detekzio metodoen existentzia ez ezik, laguntzarako baliabideen erabilgarritasuna ere kontuan hartzen da, osasun arazoren bat daukaten jaioberriek tratamendu eraginkorra jasoko dutela ziurtatzeko, hau da, gaixotasuna desagerrarazi edo gutxitzeko, eta hala, osasun eta bizi kalitate itxaropenak hobetzeko.

ORPOAREN PROBA

   Orpoaren proba jaioberriaren orpoan puntzio bat egin, odol lagin bat hartu eta aztertzean datza. Jaioberriak 48 ordu bete ondoren egiten da, ospitaletik atera baino lehen. Euskadin programa ezarri zenetik, lehenengo bi hamarkadetan, sortzetiko hipotiroidismoa eta hiperfenilaninemiak bahetzera zuzendu zen. Horiek izan dira -eta oraindik ere badira- bahetu diren gaixotasun klasiko eta oinarrizkoak, antzemateak eta tratamendu goiztiarra emateak abantaila nabarmenak eragiten dituelako.

   Azken hamarkadan, gaixotasun hauek gehitu ziren baheketan: kate ertaineko Acil CoA deshidrogenatuaren eskasia (2007), fibrosi kistikoa (2010), eta igitai formako zelulen gaixotasuna (2011).

   Orain, 2014an, programan beste bost gaixotasun barne hartzeko, beti bezala, funtsezko hiru irizpide hartu dira kontuan: gaixotasunen eragina eta zama eta goiz hautemateko aukera; proba adierazgarri eta zehatz bat egitea ahalbidetzen duten tekniken analisien erabilgarritasuna; eta tratamendu eraginkor goiztiarra emateko aukera, baita antzemandako kasuak behar bezala kudeatu eta horien jarraipen kliniko egokia egitekoa ere, betiere osasun egoera hobetuko dela bermatuta.