James Ruskin Europako DJ ezagunenetako bat izango da ostiralean GauArt zikloan, Gasteizko Artiumen

Actualizado: martes, 29 enero 2013 13:40

GASTEIZ, 29 Ene. (EUROPA PRESS) -

James Ruskin britainiarra, Europako tekno musikaren DJ ezagunenetako bat, GauArt ekimenaren bigarren saioaren protagonista izango da ostiralean, otsailaren 1ean, Gasteizko Artium Arte Garaikideko Euskal Zentro Museoan. GauArt Artiumek eta Jimmy Jazz aretoak elkarrekin sortutako ekimena da.

Ruskinekin batera, Madrilgo areto garrantzitsuenetan aritu den Kasper eta Soul Notes bere diskoetxea aurrera ateratzeko ahaleginean dabilen Kastil arabarra arituko dira, museo gasteiztarreko iturriek jakinarazi dutenez.

Saioak 22:00etan hasiko dira Artiumen, erakusketak ikusteko aukera eta guzti, eta Jimmy Jazz aretoan jarraituko dute, 1:00etik aurrera. Hiru DJak agertokiari eta ordu-tarteari egokituko zaizkio, eta horrela, kontzertuak elkarren artean desberdinak eta osagarriak izango dira.

Sarrerak 12 euro balio ditu eta Artum, Hor Dago, Gora Taberna, VSD eta www.kulturalive.com webgunean erosi daitezke aurretik. Artiumeko saiora etorrita egun bereko 1:00ean Jimmy Jazzen hasiko den saiorako sarrera bat emango da doan. Toki mugatua izango da.

JAMES RUSKIN

James Ruskin Europan dagoen DJ berritzaileenetako bat da, erritmo-oinarriak egiteko bere era bereziarekin musika elektronikoaren mundua irauli duelako, eta minimal erako hard techno delakoan, zehazki, arrastoa utzi du, lehena eta geroa bereizten dituena.

Urte batzuk Londresko klubetan house musika jarriz aritu ondoren, 1994an beste norabide bat hartzea erabaki zuen Ruskinek. Tekno musikaren aldeko apustua egin eta beste DJ ezagun batekin -Richard Polson zena- Blueprint Records diskoetxea sortu zuen. Izen horrek (blueprint edo zirriborroa) Ruskinen lan egiteko era adierazten du: konposizioa bere tankera soilenera murriztuz, erakutsi baino gehiago iradokiz.

Denboraren poderioz Blueprint Ingalaterrako musika teknoaren giroko diskoetxe garrantzitsuenetako bat bihurtu zen, besteak beste, Steve Rachmad, Oliver Ho, 65D Mavericks eta Surgeon ekoizleen lana argitaratzen zuela. Ruskinek berak zenbait maxisingle argitaratu ditu duela gutxi eta Britainia Handiko tekno gogorreko DJen artean egoten jarraitzen du. Bere biniloen arrakastari esker Europako klub garrantzitsu guztietako kabinetan ohikoa da.