Jasone Cenoz EHUko irakasleak Hizkuntzalaritza Aplikatuko Espainiako Elkartearen ikerketa saria lortu du

Jasone Cenozek Lortu Du AESLA Ikerketa Saria
EHU
Actualizado: lunes, 16 mayo 2011 14:00

BILBO, 16 May. (EUROPA PRESS) -

Hizkuntzalaritza Aplikatuko Espainiako Elkarteak (AESLA) AESLA Ikerketa saria eman dio (A modalitatean aritutako ikertzaileentzat) Jasone Cenoz Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Hezkuntza Zientzietako katedradunari, "Towards Multilingual Education: Basque Educational Research in International Perspectiva" izeneko liburuarengatik. AESLA Ikerketa sariaren xedeak dira Hizkuntzalaritza Aplikatuko Espainiako Elkartearen gai-eremuen ikerketa sustatzea eta saritzea.

"Towards Multilingual Education: Basque Educational Research in International Perspective" liburua Erresuma Batuan argitaratu da, eta bertan Euskadiko hezkuntza-sisteman, eleaniztasunari buruz egindako ikerketen emaitzak eta metodologia aztertzen ditu, EHUko iturriek adierazi dutenez.

Liburuak 11 kapitulu ditu. Horietan, irakaskuntza elebidunaren eta hirueledunaren ezaugarriak azaltzen ditu Cenozek, eta nazioarteko komunitate zientifikoari Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) egindako ikerketa ezagutzera emateko helburuarekin.

"Euskadi eleaniztasunaren ikerketan erreferentzia garrantzitsu bihurtu da, eta elebitasun eta hirueletasunerako proiektuak, zein ikerketen emaitzak, interesgarriak dira Europako eta beste herrialde batzuetako espezialistentzat, Estatu Batuak, Kanada, Txina edo Australia kasu", adierazi du Cenozek.

EHUko katedradunak gogoratu du euskal hezkuntza-sistemaren ezaugarri nagusienetakoa dela gutxienez hiru hizkuntza erabiltzen dituela eta joera duela hizkuntzak ikasgai bezala eta argibide hizkuntza gisa erabiltzeko.

"Euskal Autonomia Erkidegoan, hizkuntzek duten pisua curriculumean Europar Batasuneko funtzionarioek euren seme-alabak eskolatzen dituzten 'Eskola europearrekin' (Brusela, Estrasburgo) aldera daiteke, eta gainditu ere egiten dute. Euskal hezkuntza-sistema nazioarteko erreferentzi bihurtzeko beste ezaugarri bat da, eleaniztasunak hezkuntza-maila guztiak hartzen dituela, haur-eskolatik unibertsitatera", azaldu du.

Beste alde batetik, azken urteotan, eleaniztasunaren alderdi desberdinen gaineko ikerkuntzak garapen handia izan du, eta doktoretza-tesi eta nazioarteko argitalpenak eman ditu. "Towards Multilingual Education: Basque Educational Research in International Perspective' liburuan ikerketa horien ondorioak aztertu eta ikerketa berrien emaitzen berri ematen da

Aztertutako gai batzuek honako galdera hauei erantzuten diete: Zein abantaila du haur-hezkuntzan ingelesa ikasten hastea, 3 edo 4 urterekin?; Arazoa al da hainbat hizkuntza aldi berean ikastea? Hizkuntzak nahasten dituzte?; Zein jarrera dute euskal ikasleek eleaniztasunarekiko? Herritar eleaniztunak izan nahi al dira?; eta, Ikasle elebidunek erraztasun handiagorekin ikasten dute ingelesa?, besteak beste.

"OSO HARRERA ONA"

"Ikerketa sariaz gain, 'Towards Multilingual Education: Basque Educational Research in International Perspective' liburuak, oso harrera ona izan du nazioartean, horrela islatzen baita beste ikertzaile batzuen aipamenetan eta eleaniztasun eta hezkuntzari buruzko aldizkari zientifiko garrantzitsuenetan argitaratutako aipuetan", gaineratu du unibertsitateko irakasleak.

Jasone Cenoz EHUko Hezkuntzako Ikerkuntza eta Diagnosi Metodoen Saileko katedratikoa da eta Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren Hezkuntza Zientzien Ebaluazio eta prospektibaren Estatuko Agentziako koordinatzailea (ANEP). Bere ikerketa batik bat, gai hauen gainekoa da: hezkuntza elebiduna eta eleanitza, paisaia lingüistikoa, adinaren faktorea, jarrerak eta bigarren eta hirugarren hizkuntzak eskuratzeko pragmatika.

Liburu eta artikulu ugari argitaratu ditu nazioarteko aldizkarietan. Era berean, 'International Journal of Multilingualism' aldizkariaren editorea da (Ulrike Jessner-ekin batera) eta Hizkuntza Aplikatuko Nazioarteko Elkartearen (AILA) eta Eleaniztasunaren Nazioarteko Elkartearen (IAM) zuzendaritzako kidea.