Jaurlaritza hautatu dute Europan Lanbide Heziketarako politiken gakoak definitzeko

Actualizado: martes, 21 noviembre 2017 12:47

BILBO, 21 (EUROPA PRESS)

Europako erakundeek eta Lanbide Heziketako europar ordezkariek Jorge Arevalo Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako sailburuordea hautatu dute Europan Lanbide Heziketarako (LH) politiken gakoak definitzeko eta Euskadiko Lanbide Heziketaren bikaintasuna Europarako jardunbide egoki gisa aurkezteko, "4.0 industriarekin eta berrikuntzarekin lerrokaturiko eredua izaki".

Astearte honetatik ostiralera bitartean, Lanbide Heziketaren Europako Astea ospatuko da Europako Batasunean zehar. Bada, itxiera ekitaldian, Bruselan, Enplegurako Komisario europarra eta hezkuntza eta enpleguko beste hainbat pertsona esanguratsu bertan direla, Arevalo arduratuko da Lanbide Heziketaren inguruko ikuspegi estrategikoa emateaz, bideo mezu baten bidez. Bideoa ikusgai dago dagoeneko Europako Batzordearen webgunean, Europar Batasuneko hizkuntza ofizial guztietara itzulita.

Europako Batzordeak nabarmendu duenez, era honetan, Euskadiko Lanbide Heziketari eta Eusko Jaurlaritzari aitortzen zaie "erronka global konplexuei erantzuna emateko duten gaitasuna", hau da, "pertsonei zein enpresei laguntza ematea, prestakuntza eta berrikuntza bultzatuz".

Grabaturiko hitzaldian Arevalok azaltzen duenez, "laugarren iraultzak ez du soilik egiten duguna aldatuko; benetan zer garen ere aldatuko du. Aldaketa horien eta teknologia horren bidez, etorkizuneko gizakia zer izango den ere birdefinitzen ari da. Baina, zein izango da etorkizuneko lana? Nola definituko dugu etorkizuneko lana? Eta garrantzitsuena: nola prestatuko ditugu pertsonak aldaketa horien aurrean eta etorkizuneko lanbideetarako prestatuta egon daitezen?".

Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako saiulburuordearen esanetan, galdera horiek guztiek "imajinatzea, diseinatzea, arriskatzea eta, batez ere, estrategia berriak eskatzen dituzte".

EKARPENA 2025 AGENDARAKO

Bestalde, Europan Lanbide Heziketarako politikaren erronkei Euskadik egiten dien ekarpena 2025erako hezkuntza agendarako ere ekarpena da. Agenda hori joan den astean aurkeztu zuen Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak, eta Europako Gizarte Foroan eztabaidatu da. Europako Batasuneko ordezkariek foro horretan adostu zuten hezkuntza eta kultura agenda bultzatzea eta sendotzea, bai Europaren lehentasunen
artean, bai 2025erako EBren agendan ere.

Euskadiren Europar Batasuneko ordezkaritzaren laguntzarekin eta elkarlanean, Hezkuntza Saila, Lanbide Heziketarako Sailburuordetzaren bidez, lankidetzan ari da Europako erakundeekin eta zenbait bazkide europarrekin, azken bi legealdi hauetan. Berriki, Eusko Jaurlaritzak Donostian antolatu zuen Lanbide Heziketaren Foroan parte hartze estua izan zuen Europako Batzordeak. Horrekin batera, Euskadin hainbat lan misio izan dira, eta Europako Batzordearen aurrean 4.0 industriarako Lanbide Heziketako Euskal Estrategia ere azaldu da.