Jaurlaritzak 105.000 euro erabiliko ditu marrazkigileen lana sustatzeko diru laguntza berrietan

Marrazkigileei zuzenduriko diru laguntzak aurkeztu dituzte
IREKIA
Actualizado: miércoles, 28 junio 2017 12:51

GASTEIZ, 28 (EUROPA PRESS)

Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak lehen aldiz sustatuko ditu komikigintzarako eta ilustraziorako diru laguntzak. Gasteizko Artium Museoan izandako bilera publiko batean, sektoreko ordezkarien aurrean aurkeztu du deialdi aitzindari hau eta, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azaldu duenez, 105.000 euro bideratuko dira "lan handia eta bikaina egiten ari den" etorkizunez beteriko sektore honetara, sortzaileen lana laguntze aldera.

Zupiriarekin batera, Joxean Muñoz Kultura sailburuordea eta Aitziber Atorrasagasti Kultura Sustatzeko zuzendaria izan dira bileran. Lehen aldia da Euskadin horrelako deialdi bat sustatzen dela, gainerako sorkuntza arloetatik bereizirik. Diru laguntzen deialdi hau sektoreko hainbat eragilerekin hitz eginez landu eta ondu da, eta bi atal izango ditu. Zehazki, alde batetik, 60.000 euro bideratuko dira komikiak edo eleberri grafikoak egitea helburu duten proiektuetara, eta bestetik, 45.000 euro bideratuko dira album ilustratuak egitea helburu duten proiektuetara.

Komikigintza laguntzera bideratutako lehen aurrekontu sailaren bidez, lau proiektu lagunduko dira, bakoitza 15.000 eurokoa; egitasmo horietako bat 30 urtez azpiko marrazkilari batena izango da. Era berean, album ilustratuen proiektuak diruz laguntzea helburu duen deialdiaren bidez hiru proiektu lagunduko dira, bakoitza 15.000 eurokoa, eta horietako bat 30 urtez azpiko gazte bati zuzendua izango da.

"Deialdi honek bi helburu ditu. Lehenengoa, komikigintzari eta ilustrazioari hauspoa ematea, sortzaileen bidea erraztuz. Izan ere, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren konpromiso nagusietako bat sortzaileei babesa ematea da. Bigarrenik, arlo honek gure herrian duen garrantzia nabarmendu nahi dugu eta agerikoagoa egin nahi dugu, gure kulturaren ikusgaitasuna nabarmentzea baita Sailaren beste funtsezko konpromiso bat", azaldu du Zupiriak.

BALDINTZAK

Diru laguntzen deialdiak baldintzak ere ezartzen ditu, atzean "filosofia argi bat" dagoelako: laguntzen helburua da komikiak, eleberri grafikoak eta album ilustratuak kalean argitaratuta ikustea. "Ez da beka bat, ezta marrazkilariak euren frogak egiteko laguntza bat ere; diruz lagundutako lanek irakurleen eskuetara ailegatu behar dute", nabarmendu du.

Xede hori lortu ahal izateko, marrazkilariei eskatuko zaie gidoia egina izatea, baita lana argitaratzeko argitaletxe baten interesa izatea ere. Beraz, sorkuntzarako deialdia eta produktu baten garapenerako deialdia uztartzen dira eredu honetan.

Euskarazko lanei dagokienez, ez da atal bereizirik izango euskarazko komiki, eleberri grafiko edo album ilustratuak laguntzeko, gaur egungo euskarazko komikien osasunak ez baitu eskatzen. Zupiriak esan duenez, "Euskadiko komikigintzaren eta ilustrazioaren parte handi bat, kopuruz eta kalitatez, euskaraz sortzen da". Hala ere, euskarazko lanek merkatura ateratzeko zailtasun handiagoak dituzten heinean, puntuazioan baloratuko da lana euskaraz egina izatea.

Zupiriak zehaztu du deialdiaren bitartez marrazkigileen lana lagunduko dela, eta ez alde literarioa, merkatuak zailtasunak baititu hauen lana konpentsatzeko. "Idazle eta marrazkilariek askotan egiten dute lan elkarrekin, eta gehienetan gidoia eta marrazki lana osagarriak izaten dira. Deialdi honetan marrazkigintzari ematen zaio laguntza. Horrelako lan bat marraztea lan nekeza izaten da eta oso gutxitan konpentsatzen da. Politika publikoak merkatuaren ahuleziak konpentsatzera eta gainditzera zuzenduta dauden neurrian, marrazkilarien lana sustatu nahi dugu", azaldu du.